Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Sanders gailendu da New Hampshireko Alderdi Demokrataren primarioetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Senatari ezkertiarrak ordezkarien % 26 lortu ditu; Iowan irabazi zuen Pete Buttigiegek, aldiz, % 24,4 erdietsi ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bernie Sanders senatari ezkertiarra gailendu da astearte honetan Ameriketako Estatu Batuetako New Hampshire estatuko Alderdi Demokrataren hauteskunde primarioetan, AEBko komunikabideek egindako proiekzioen arabera. Iowako 'caucus'a irabazi ostean, Pete Buttigieg kokatu da bigarren tokian.

Botoen % 88 zenbatuta, Sandersek botoen % 26 lortu ditu; Buttigiegek, aldiz, botoen % 24,4 erdietsi ditu. Amy Klobuchar senataria geratu da hirugarren (% 19,8), laugarren Elizabeth Warren izan da (% 9,3) eta Joe Biden presidenteorde ohiak amaitu du bosgarren tokian (% 8,4).

Sandersen garaipena estua izan da; izan ere, aurreikusita zegoen alde handiagoa lortzea. 2016an, New Hampshiren, botoen % 60 lortu zituen, Hillary Clintoni gailenduta.

4.000 bat botoko aldea

Sandersen eta Buttigiegen arteko aldea 4.000 bat botokoa da (69.956 boto jaso ditu Sandersek, eta 65.649, Buttigiegek); hortaz, Iowan bezala berdinketa teknikoa izango zela pentsatu dute botoak zenbatzen ari zirenean.

24 ordezkari banatzen dira New Hampshiren, eta, proiekzioen arabera, Sandersek eta Buttigiegek 9na lortuko dituzte. Klobucharrek eskuratuko ditu gainerakoak (6); izan ere, Warrenek eta Bidenek ez dute % 15eko muga gainditu.

"Gure kanpainaren helburua ez da bakarrik Trump menderatzea; Ameriketako Estatu Batuak eraldatzea ere bada", esan du Sandersek, ehunka jarraitzaileren aurrean.

Emaitzak baieztatuz gero, eta Iowako primarioetan lortutako ordezkariak zenbatuta, Buttigiegek 23 ordezkari izango lituzke jada, eta Sandersek 21. Warrenek 8 izango lituzke, Klobucharrek 7 eta Bidenek 6.

Alderdi Demokratak Nevadan eta Hego Carolinan egingo ditu ondorengo primarioak. Estatu horietako ezaugarri demografikoak aztertuta, baliteke Iowako eta New Hampshireko emaitzak ez errepikatzea.

Albisteak (1)

Bideoak (1)