COVID-19
150 lagun baino gehiago koronabirusak kutsatuta, Italiako iparraldean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lombardia eta Veneto eskualdeetan bizi diren 50.000 pertsona inguru isolatzeko neurriak abian dira. Koronabirusak hiru hildako utzi ditu jada Italian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
150 lagun baino gehiago kutsatu dira dagoeneko Italiako ipar-eskualdeetan koronabirusagatik, Italiako agintariek baieztatu dutenez. Lombardian 112 kasu baieztatu dituzte, eta beste 24 Veneton. Bien bitartean, birusaren fokuan bizi diren 50.000 biztanle inguru isolatzeko neurriak abian jarri dituzte; 20 bat lagun zainketa intentsiboetako unitatean daude.
Attilio Fontana Lombardia eskualdeko presidenteak azaldu duenez, bi zentro prestatu dituzte berrogeialdian jarritako lagunak isolatzeko, baina leku gehiagoren bila dabiltza, "kutsatuen kopurua oso handia izango delakoan".
Hildakoei dagokienez, hiru dira: lehenengoa Vo´Euganeo udalerriko 78 urteko gizon bat izan da (Padua), eta bigarrena Codgnon izandako 77 emakume bat (otsailaren 20an hil zen bere etxean, arnas-arazoak jota, eta hil ostean egindako azterketei esker baieztatu zuten koronabirusa zuela). Hirugarren biktima emakume nagusi bat da; denbora luzea zeraman ospitaleratuta Cremonan, onkologia-departamentuan, eta positiboa eman du.
Bart egindako ministroen ezohiko kontseilu batean hamaika udalerritako biztanleak isolatzeko neurriak onartu dituzte, hala nola, Casalpusterlengo, Codogno, Castiglione d'Adda, Fombio, Maleo, Somaglia, Bertonico, Terranova dei Passerini, Castelgerundo, Sanfiorano, eta Venetoko Vo' Euganeo udalerrietakoak.
Segurtasun-indarrak udalerri horietara iritsi dira, eta sarrerak eta irteerak kontrolatzen hasi, komunikabideei azaldu dietenez. Veneziako Inauteria bertan behera utzi dute, baita Milango Scala antzerkiko ekitaldiak ere.
Giuseppe Conte Italiako presidenteak adierazi duenez, Polizia mobilizatu dute eta "behar izanez gero, Armada ere", jendearen joan-etorriak saihesteko, eta "kartzela-zigorrak" iragarri ditu "aginduak betetzen ez dituztenentzat". Gainera, jarduera publiko guztiak bertan behera utzi dituzte aipatutako udalerrietan.