Itxi

KORONABIRUSA

EBk 25.000 milioiko funts bat aktibatuko du koronabirusari aurre egiteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Dirua koronabirusaren eragin ekonomikoari aurre egiteko erabiliko da.

Ursula Von der Leyen. Irudia: EFE

Europar Batasunak 25.000 milioi euroko funts bat jarriko du martxan koronabirusaren eragin ekonomikoari aurre egiteko, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak blokeko liderrekin bideokonferentziaz izandako goi-bileraren ondoren emandako prentsaurrekoan adierazi duenez.

Horretarako, Exekutiboak malgutasun handienaz interpretatuko ditu Egonkortasun eta Hazkunde Ituneko arau fiskalak, bat eginez igandean Bruselak Italiari bidalitako mezuarekin, Erromak defizita % 2,2tik % 2,5era igoko dela adierazi ondoren koronabirusari aurre egiteko neurrien ondorioz.

Diru hori estatu kideen osasun sistemei laguntzeko, gehien kaltetutako enpresa txiki eta ertainei laguntzeko eta lan-merkatuan jarduteko erabiliko dela zehaztu du Von der Leyenek. Horrez gain, 7.500 milioi euro datozen egunetan askatuko direla adierazi du.

"Jarduteko unea da", esan du Europako Batzordeko presidenteak, eta 27 estatuetako Osasun eta Barne ministroekin egunero ari dela harremanetan jakinarazi du.

Hiriburuek koronabirusaren hedapena eteteko beharra azpimarratu dute, lehentasuna "herritarren osasuna" izan behar baita. Hala ere, gizartean ondorio gehiegi ez izateko, neurriak "proportzionalak" izan behar direla nabarmendu dute.

"Garrantzitsuena hedapena moteltzea da", adierazi du Von der Leyenek, eta astelehenean Eurotaldeak duen bileran Exekutiboak neurri gehiago proposatuko dituela aurreratu du. Horrez gain, beharrezkoa bada, martxoaren 26an eta 27an egingo den Europako Kontseiluaren bileran, agintariek tresna gehiago aztertuko dituztela iragarri du.

Albisteak (4)