Itxi

Koronabirusa

Belgikak konfinamendua ezarriko du eguerditik aurrera

agencias | redacción

Leer en Castellano

"Behar-beharrezkoak" diren joan-etorriak bakarrik egin ahal izango dira, baina aire librean kirola egin ahalko da. 1.200 pertsonatik gora kutsatu dira birusarekin, eta 10 hil dira.

Kabinete krisia Belgikan, Sophie Wilmes buru dela. Argazkia: Efe

Belgikak "konfinamendua" ezarriko du gaur eguerditik aurrera eta apirilaren 5a arte gutxienez. Ondorioz, "behar-beharrezkoak" diren joan-etorriak bakarrik egin ahal izango dira, denda gehienak itxi egingo dituzte eta pertsonen pilaketak debekatuta egongo dira.

Horixe erabaki du koronabirusaren pandemiari aurre egiteko krisi kabineteak; izan ere, Belgikan dagoeneko 1.200dik gora dira kutsatutakoak, eta 10, hildakoak.

"Egoera okerrera egiten ari da, eta neurri zorrotzak hartzera behartuta gaude", azaldu du Sophie Wilmes lehen ministroak, krisi kabinetearen bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. "Oso erabaki zailak dira, baina ez dira arinkeriaz hartu, egoerak behartzen gaituelako baizik", azpimarratu du.

"Oinarrizkoa da une zailotan distantzia soziala ez izatea haustura soziala, izan dadila urruntze fisikoa soilik, behin behinean, nahiz eta badakidan oso zaila dela. Zaindu ezazue zuen burua eta ondokoena", adierazi du agintari belgikarrak.

Poliziak neurriak hartuko ditu konfinamendua modu "zorrotzean” betetzen dela egiaztatzeko; hau da, herritarren joan-etorriak premiazko arrazoiengatik izango direla frogatzeko: elikadura dendetara joateko, farmaziara, banketxeetara, posta zerbitzura edo gasolindegira.

Telelana posible ez den kasuan, lantokira joateko aukera egongo da, baina segurtasun distantzia zaintzeko moduan diren enpresen kasuan soilik, bestela "isun handiak" jasoko dituzte.

Kirola aire librean

Murrizketak murrizketa, Belgikako agintariek aire librean kirola egiten uzten dute, baina bakarrik edo etxebizitza berean bizi direnekin.

Wilmesek nabarmendu du aire libreko kirola "gomendagarria" ere badela konfinamendu egoera zail horretan, baina distantzia fisikoaren neurriak errespetatuz beti ere.

Albisteak (4)