KORONABIRUSA
Txinan ez da koronabirusak kutsatutako kasu berririk, bigarren egunez jarraian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dena dela, Txinako Gobernuak baieztatu duenez, "atzerritik inportatutako 39 koronabirus kasu berri" atzeman dituzte azken orduotan.
Txinan ez dute SARS-CoV-2 birusak kutsatutako kasu berririk atzeman azken 48 orduotan, bertako Gobernuko Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. "Ez Wuhanen, pandemiaren epizentroan, ez eta Txinako gainerako herri eta hirietan ere ez dugu koronabirus kasu berririk izan, bigarren egunez jarraian", esan dute, ohar bidez.
Hori bai, "atzerritik inportatutako 39 koronabirus kasu berri" baieztatu dituzte Txinan, eta transmisio bide hori galaraztea da, orain, bertako agintarien lehentasuna. Orotara, 228 "kasu inportatu" atzeman dituzte, eta horietatik hiru hil dira.
Azken kasu horien guztien jatorria, zein herrialdetatik joan den atzera bueltan birusa, ez dute zehaztu, baina bai zein probintziatan baieztatu dituzten positiboak: bederatzi kasu Guangdongen, zortzi Shanghain, sei Pekinen eta hiru Fujianen. Bana, berriz, Tianjin, Liaoning, Heilongjiang, Zhejiang, Shandong, Guangxi, Sichuan eta Gansu probintzietan.
Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, orotara 80.967 koronabirus kasu atzeman dituzte herrialde hartan, eta 3.248 pertsona hil dira COVID-19ak jota.
Larri daudenen kopurua jaisten ari dela azpimarratu dute Txinako agintariek; hala, 2.136 dira ospitaleetan egoera larrian daudenak.
Itxura guztien arabera, Txinan okerrena igaro dela ematen duenean, mundu osoan ari da zabaltzen birusa, eta geroz eta herrialde gehiago ari dira hedapenari aurre egiteko neurri zorrotzak hartzen.
Pandemiatzat jo du COVID-19 gaitza Osasunaren Munduko Erakundeak.