Itxi

KORONABIRUSA

793 heriotza izan dira 24 orduan Italian eta hildakoak ia 5.000 dira jada

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Italia da une honetan, mundu osoan, koronabirusak jende gehien hil duen lurraldea. Lombardia eskualdea (iparraldean) jo du gogorren gaitzak eta 2.549 heriotza eragin ditu.

Koronabirusak heriotza gehien eragin dituen herrialdea da jada Italia.

Koronabirusa dela eta, azken 24 orduetan 793 pertsona hil direla baieztatu du larunbat arratsaldean Italiako Gobernuak. Orain arteko marka guztiak gainditu ditu kopuru horrek eta jada 4.825 dira hildakoak duela hilabete lehen kasuak agertu zirenetik.

Gainera, 4.821 kasu berri diagnostikatu dituzte egun bakarrean. Guztira, 42.681 pertsona daude COVID-19 gaitzarekin kutsatuta.

Alde positibotik, 6.072 pertsonak jaso dute alta, 943k azken 24 orduetan. Hala ere, 2.857 gaixok Zainketa Berezien Unitatean jarraitzen dute, atzo baino 202 pertsona gehiago daude egoera honetan.

Heriotzen gorakada hau Lombardiako eskualdeak eragin du. 546 pertsona hil dira azken 24 orduetan eta kopuru beldurgarriak dituzte: 22.264 kutsatu eta 2.549 hildako.

Silvio Brusaferro Osasun Institutu Goreneko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, 80 urteko batez besteko adina dute hildakoek eta beste patologia batzuk ere bazituzten.

Herritarrei gogor hitz egin die osasun arduradunak "arriskua serio hartzen ari ez direlako". "Badira kasu batzuk bi pauso emateko aitzakian, bilera sozialak egiten ari direnak eta horren ondorioz, Italiak ezin du birusaren zabalkundea geldiarazi". "Gizarteko pertsona ahulenei kalte egiten ari dira, helduenei, alegia" salatu du.

Pertsona horiei etxean egoteko eta ez ateratzeko eskatu die Brusaferrok eta gainontzeko herritarrei ere behar-beharrezkoa denerako bakarrik ateratzeko eskatu die, eta egiten dutenean, metro bateko segurtasun tartea zaintzeko.

"Marra goraka doan fasean gaude oraindik eta ikusiko dugu hurrengo egunetan, ea Gobernuak ezarritako bakartze neurriak nahikoa diren" hausnartu du. Ildo horretan, "eraginkorrak" izateko "mundu guztiak" bete behar dituela gogoratu du.

Italiako Gobernuak parke publikoak itxi ditu, bigarren etxebizitzetara joatea debekatu, eskola eta unibertsitateak itxi ditu, aisialdi guneak eta negozio ez oinarrizkoak, eta herritarren mugimenduak mugatu ditu, lanera, osasun zentroetara eta behar-beharrezko tokietara bakarrik joan daitezen.

Albisteak (3)