Koronabirusa
Johnsonek hiru asteko konfinamendua ezarri du Erresuma Batuan
Agentziak | Erredakzioa
Funtsezko produktuak saltzen ez dituzten saltoki guztiek, hala nola arropa eta elektronika dendek, baita kulturako zentroek ere, ateak itxita eduki beharko dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak gutxienez hiru asteko konfinamendua ezarri die astelehen honetan britainiarrei, koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko.
Gauzak horrela, herritarrak erosketak egiteko, egunean behin ariketa fisikoren bat egiteko (korrika egiteko edo oinez zein bizikletan ibiltzeko), arrazoi medikoengatik eta laguntza behar duten pertsonak zaintzeko baino ezin izango dira kalera irten. Horrez gain, lanera joateko aukera ere izango dute britainiarrek, betiere lantokira joatea "guztiz beharrezkoa" den kasuetan.
Erabaki hau hartu aurretik, herritarrei "urruntze soziala" gomendatu zien Erresuma Batuko Gobernuak, eta pubak, jatetxeak eta aisialdirako beste lokal batzuk ixteko agindua eman zuen.
Orain, aldiz, funtsezko produktuak saltzen ez dituzten saltoki guztiek, hala nola arropa eta elektronika dendek, baita kulturako zentroek ere, ateak itxita eduki beharko dituzte.
Gainera, bertan behera geratu dira herritar asko biltzen dituzten ekitaldi eta zeremonia guztiak, ezkontzak eta bataioak barne, hiletak izan ezik.
Parkeek irekita jarraituko dute kirola aire zabalean egin ahal izateko, eta segurtasun-indarrek etxe berean bizi ez diren bi pertsona baino gehiagoren bilerak zigortuko dituzte.
Astelehenean 967 kasu berri atzeman ostean gogortu ditu neurriak Erresuma Batuko lehen ministroak. Halaber, 335 pertsona hil dira azken orduotan herrialdean, aurreko egunean baino 54 gehiago.
"Birus honen hedapena geldiarazteko ahalegin handirik gabe, munduko osasun-sistema batek ere aurre egin ezingo liokeen egoerara iritsiko ginateke, ez litzatekeelako arnasgailu nahikorik egongo, ezta zaintza intentsiboetako oherik, medikurik zein erizainik ere", adierazi zuen Johnsonek.
Hiru aste barru herrialdearen egoera aztertuko du Gobernuak, eta indarrean dauden neurriak "lasaitu" egingo ditu, horretarako baldintza egokiak daudela iritziz gero. "Oraingoz, ez dago aukera errazik. Aurretik dugun bidea gogorra da, eta egia da tamalez bizitza asko galduko direla", esan zuen Johnsonek.