Koronabirusa
Koronabirusaz kutsatutako pertsona gehien dituen herrialdea da AEB, Txinaren aurretik
Agentziak | Erredakzioa
New Yorkeko ospitaleak gainezka egiten hasi dira eta ekipamendu-gabezia handiak izan dituzte azken egunetan. Hori dela eta, astelehenerako kanpaina-ospitale bat prest izatea espero dute.
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) atzeman dituzte orain arte koronabirusean positibo eman duten pertsona gehien, izan ere, 85.000 herritar baino gehiago kutsatu dira azken asteetan. Ondorioz, dagoeneko atzean utzi dituzte Txinako eta Italiako datuak. New York da kutsatu gehien dituen hiria (39.000 gaixo baino gehiago), eta hango ospitaleetan gainezka egiten hasi dira jada.
Azken egunetan, 1.300 pertsona inguru hil dira AEBn COVID-19aren eraginez. Dena dela, orain arte izandako heriotzen datuek Italia, Espainia, Txina, Iran eta Frantziaren atzetik kokatzen dute oraindik.
Testuinguru horretan, New Yorkeko ospitaleak gainezka egiten hasi dira eta ekipamendu-gabezia handiak izan dituzte azken egunetan, hango osasun arloko langileek azaldu dutenez.
Hedabide batzuen ustez egoera "apokaliptikoa" dute, eta horren aurrean, 1.000 gaixo artatzeko lekua duen kanpaina-ospitale bat prest izango dute New Yorkeko portuan astelehenerako, eta "material medikoz beteta" egongo dela ziurtatu du Donald Trump AEBko presidenteak.
Horrez gain, langabeziak nabarmen egin du gora AEBn hilabete honetan: joan den astean, 3,28 milioi pertsonak eskatu zuten prestazioa, COVID-19ak eragindako geldialdi ekonomikoaren ondorioz lana galdu ostean; 282.000 laguntza-eskaera jaso zituzten aurreko astean.
Halaber, 1982ko atzeraldiarekin alderatuta, igoera oso nabarmena erakusten du datu horrek, 695.000 laguntza-eskaera egin baitziren orduan.