Koronabirusa
Japonia alarma egoeratik gertu dago, egun bakar batean 300 kasu berri zenbatu ostean
Agentziak | Erredakzioa
Konfirmatutako kasuen artean, 89 Tokio hiriburuan izan dira.
Japoniako gobernuak 314 koronabirus kasu berri konfirmatu ditu larunbat honetan; lehen aldiz, 300 pertsona baino gehiago kutsatu dira egun bakar batean. Izatez, Tokio hiriburua berrogeialdian dago, baina ez dute agindu ofizialik eman.
Hiriburuko biztanleak euren etxeetan sartuta daude Yuriko Koike gobernadoreak eskatuta. Hala ere, Shinzo Abe lehen ministroaren erreparoak ditu oraindik larrialdi egoera ezartzeko neurri horrek eragin ditzakeen galera ekonomikoengatik. Japoniak 36.000 milioi dolar galduko ditu Joko Olinpikoak atzeratzeagatik bakarrik.
Egoeraren bilakaeraren arabera, Tokioko biztanleei etxetik ez ateratzeko emandako gomendioa agindua bihur daiteke, baina oinarrizko zerbitzuek lanean jarraituko dute.
Egoera horretan ezarriko lituzkeen murrizketen berri aurretiaz eman dute, jendearen artean nahasmena ekiditeko. Horrela, jakiak eta osasun produktuak saltzen dituzten dendak zabalik jarraituko lukete, baita gizartea eta ekonomia funtzionatzen jarraitzeko oinarrizko jarduerak, eta banketxeak.
Jarduerak murriztea edo etetea
Halaber, hiriburuko gobernuak ekitaldi antolatzaileei eta instalazioei jarduera murriztea edo etetea eskatuko dier birusa gehiago zabaltzea saihesteko. Deiak jasotzeko zentro bat ere martxan jartzea pentsatzen ari dira, herritarren zalantzak argitzeko.
Konfirmatutako kasu berrietatik 89 Tokion antzeman dituzte. Orotara, 3.632 kasu zenbatu dituzte Japonian, eta, datu ofizialen arabera, 80 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.