Itxi

KORONABIRUSA

85.000 kutsatu ditu jada Alemaniak, atzo 6.000 kasu berri antzeman eta gero

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

RKIk are koronabirus proba gehiago egiteko eskatu dio Alemaniako Gobernuari. Orain, astean 500.000 proba egiteko gaitasuna dute baina egunean 200.000 egiteko aholkatu diete.

Mediku alemaniarrak ospitale batean lanean. Argazkia: EFE

Koronabirusaren zabalkundeak aurrea jarraitzen du Alemanian ere. 85.000 kutsatu baino gehiago daude gaur egun, azken 24 orduotan 6.082 kasu berri antzeman eta gero. Bezperan, ostiralean, 6.174 kasu berri antzeman zituzten, orain arteko errekorrak. Jada 1.158 pertsona hil dira koronabirusarekin, atzo baino 141 gehiago.

RKI Robert Koch Instituak, Alemaniako Gobernuaren gaixotasun infekziosoetako agentziak eman berri dituen datu horiekin, Alemania munduko 5. herrialdea bihurtu da kutsatu kopuruan, AEBen, Italiaren, Espainiaren eta Txinaren ostean.

Baviera da estaturik kaltetuena: 21.908 kasu eta 316 hildako egon dira. Westfalia Iparraldeko Renanian 17.885 kutsatu eta 200 hildako eta Baden Wuertembergen 17.014 kutsatu eta 316 hildako.

Berlin, hiriburuan, 3.500 kutsatu daude eta 22 pertsona hil dira orain arte. Alemania osatzen duten 16 estatu federatuetan izan dira hildakoak.

RKIk are koronabirus proba gehiago egiteko eskatu dio Alemaniako Gobernuari, pandemia kontrolatu ahal izateko. Astean 500.000 proba egiteko gaitasuna dute baina hori astean milioi bat egitera igo beharko litzateke, edo egunean 200.000 test.

Bestalde, Lothar Wieler RKIko buruak adierazi du orain arte hartutako neurriak fruitua ematen ari direla. RKIren estimazioen arabera, duela egun batzuetatik kutsatu bakoitzak beste bat kutsatzen du, batez beste; azken asteetan bakoitzak bost kutsatzen zituen bitartean, eta batzuetan zazpi.

Dena dela, datu horiek ez dutela neurriak arintzeko balio behar zehaztu du; batezbeste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen denean bakarrik esan baitaiteke epidemia jaisten hasi dela. "Zifra hori lortu behar dugu, eta espero dugu hala izatea hurrengo egunetan". 

Albisteak (5)