Koronabirusa COVID-19
Boris Johnson ospitaletik atera da, 10.000 hildakoen muga gainditzen denean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Bizitza salbatu" izana eskertu die Erresuma Batuko lehen ministroak osasun langileei. Beste 737 lagun hil dira herrialdean azken 24 orduetan, koronabirusarekin.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ospitaletik atera da igande honetan, azken egunetan COVID-19 birusagatik ospitaleratuta egon ostean. Dena dela, etxean geratuko da Johnson, guztiz sendatu arte. Bien bitartean, koronabirusagatik 10.000 hildakoen muga gainditu du Erresuma Batuak.
Alta jaso ondoren Twitterren zabaldutako bideo batean "bizitza salbatu" izana eskertu die lehen ministroak osasun publikoko langileei, eta herritarrei eskatu die etxean geratzeko birusaren hedapena ekiditeko eta osasun publikoa babesteko.
Paradoxikoki, Johnsonek kritika anitz jaso ditu birusa geldiarazteko murrizketak jartzerako orduan berandu aritu omen zelako. Askok diotenez, gizartearen zati handi bat kutsatu eta immunizatu nahi zuten, teoria zientifiko bati jarraituta, baina Erresuma Batuko Gobernuak hipotesi errefusatu du eta asmo hori ez zuelako izan adierazi du.
"Egun goibela"
Johnson ospitaletik atera da justu koronabirusagatik 10.000 hildakoen muga gainditzen dutenean. Beste 737 lagun hil dira herrialdean azken 24 orduetan, Matt Hancock Osasun ministroak esan duenez, "egun goibel batean".
Larunbateko heriotza kopurua 917koa izan zen, eta ostiralekoa, berriz, 980koa. Dena dela, zifra horiek ez dute jasotzen ospitaleetatik kanpoko heriotzak.
BBC telebista-kateari egindako adierazpenetan Jeremy Farrar zientzialariak esan duenez, "litekeena da Erresuma Batua herrialde kaltetuenetarikoa izatea, COVID-19agatik", Italiari, Espainiari eta Frantziari gailenduat.