Koronabirusa
Koronabirusa bere laborategitik atera izana ukatu du Wuhaneko birologo nagusiak
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, birusak jatorri artifiziala edo sintetikoa izatea gezurtatu du. "Ez dago horren inolako frogarik", adierazi du.
Txinako Wuhan hiriko Birologia Institutuko buruak gezurtatu egin ditu gaixotasuna bere laborategitik atera zela dioten zurrumurruak. Koronabirusa Wuhanen hasi zen eta Donald Trump AEBetako presidenteak Wuhaneko laborategietan sortu zela iradoki zuen larunbatean.
"Birusa ez da inola ere hemendik atera", esan du Yuan Zhiming ikertzaileak. "Oso ondo dakigu zer nolako ikerketak egiten ditugun eta birusak era laginak nola kudeatzen ditugun", esan du CGTN kateari emandako elkarrizketa batean.
Zientifikoak esan du ez duela bere langileen arteko kutsatzeen berririk, eta jendeak "asko pentsatu gabeko ondorioak ateratzea" ulertzen duen arren, “jendea nahita engainatzea” oso arriskutsua dela azpimarratu du.
Halaber, birusak jatorri artifiziala edo sintetikoa izatea gezurtatu du Zhimingek. "Ez dago inolako frogarik", esan du.
Donald Trumpen adierazpenak
Wuhaneko birologoaren adierazpenak Donald Trumpek birusaren inguruko susmoak hauspotu eta 24 ordura iritsi dira. Trumpek esan zuen birusa Wuhaneko laborategi batean sortu izanak ez zitzaiola arrotz egiten. "Zentzua duela ematen du", esan zuen presidenteak prentsaurreko batean.