Koronabirusa COVID-19
Italiak beheranzko joerari eusten dio, 433 hildako gehiagorekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aste osoan izandako kopururik txikiena da. Guztira, COVID-19agatik 178.972 pertsona kutsatuta daude Italian, eta 23.660 hildako izan dira.
Guztira, 23.660 pertsona hil dira Italian koronabirusarekin, azken 24 orduetan 433 hildako gehiago izan ostean, Italiako Babes Zibilak jakitera eman duenez. Hortaz, beheranzko joerari eusten diola berresten omen dute datuek.
Otsailaren 21az geroztik krisia hasi zenetik, COVID-19agatik 178.972 pertsona kutsatu dira Italian, azken 24 orduetan kasu positibo 3.047 gehiago.
Gainera, 47.055 laguni alta eman diete, larunbatean baino 2.000 pertsona gehiago. Zainketa Intentsiboetan 2.635 pertsona daude, larunbatean baino 98 gutxiago. Etxean isolatuta 80.589 lagun daude. Erietxetan 25.033 gaixo daude ospitaleratuta.
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak igande honetan 'Il Giornale' kazetari adierazi dionez, murrizketak malgutzeko lanean dabiltza "datozen hilabeteetan Italiako herritar guztiak birusarekin seguru bizi ahal izateko".
Italiako iparralde industrialak Gobernuari presioa egiten ari dio jarduera ekonomikoa ahalik eta lasterren berrabiatzeko, baina konfinamendua indarrean egongo da gutxienez maiatzaren 3ra arte. Espainian maiatzaren 9ra arte luzatu dute, baina apirilaren 27tik aurrera haurrak kalera atera ahalko dira.