Itxi

Koronabirusa

Munduko biztanleriaren zati txiki bat kutsatu du koronabirusak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Hortaz, Osasunaren Mundu Erakundeko adituek ohartarazi dute oraindik pertsona asko gaixotu daitezkeela, eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, gaitza berriro zabaltzeko arriskua dagoelako.

Gizon bat Parisko Eiffel dorrearen aurrean, burua plastiko batekin estalita. Argazkia: EFE

Sintomarik izan ez arren, kutsatuta egon daitezkeen pertsonen kopurua orain arte baieztatu diren kasu positiboak baino hamar aldiz gehiago izan zitezkeela pentsatzen bazen ere, herrialde ezberdinetan egindako ikerketa serologikoek erakutsi dute mundu biztanleriaren zati txiki bat baino ez dagoela kutsatuta.

"Orain arte jasotako emaitzen arabera, ondorioztatu dezakegu kutsatutako lagun kopurua txiki samarra dela, baita gaitza gogor jo duen herrialdeetan ere", adierazi du Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak.

Osasun erakundeetako agintariek berriro ohartarazi dute pandemia gainditzeko denbora luzea beharko dela eta koarentenatik irteteak ez duela esan nahi arriskua amaitu denik.

"Herrialde askotan hildako eta kutsatu kopuruak behera egiten hasi dira, baina konfinamendurako neurriak azkarregi kentzen badira, kasuak berriro goraka hasteko arriskua egongo da; beraz, zuhurtziaz jokatu behar da", azaldu du Maria Van Kerkhove sortu berri diren gaixotasunen departamentuko buruzagiak.

Lehen aipatutako ikerketa serologikoek "akatsak eta mugak" izan ditzaketela aitortuta, "esan beharra dago uste baino pertsona gutxiago daudela koronabirusak jota eta, ondorioz, oraindik jende asko dago kutsatzeko arriskuan".

"Birusa berriro zabaldu daiteke. Gauzak kontu handiz, astiro eta kontrolarekin egin behar dira", erantsi du.

 

Albisteak (4)