Koronabirusa
Munduan 3,3 milioi pertsona kutsatu dira eta 238.000 hil, koronabirusaren ondorioz
Agentziak | Erredakzioa
AEB da, nabarmen, herrialderik kaltetuena, COVID-19aren kasuak antzeman diren 187 herrialdeen artean.
Koronabirusaren pandemiak 3.344.402 pertsona kutsatu ditu munduan eta hildakoen kopurua 238.787koa da, Johns Hopkins unibertsitate estatubatuarrak larunbatuan gaurkotutako datuen arabera.
Azken egunetan bezala, AEB da herrialderik kaltetuena. Egun bakoitzeko 30.000 kasu berri zenbatzen dituzte bertan, eta positiboak 1.100.000 baino gehiago dira jada. Biktimei dagokienez, 65.068 pertsona hil dira; horietariko 18.399 New Yorken.
Horrela, 2019an Txinako Wuhan hirian sortutako birusak gehien kolpatu duten herrialdea da AEB. Sailkapen horretan, Espainia bigarren tokian da 213.435 kutsatze eta 24.500 hildakorekin, eta Italia hirugarren 207.000 kutsatze eta 28.200 hildakorekin.
Erresuma Batuan, berriz, hildakoak nabarmen igo dira aste honetan ospitaletatik kanpo hildako pertsonen kopurua zenbatu ostean. 27.583 pertsona hil dira bertan, eta 178.000 pertsonak positibo eman du.
Txinan ia kontrolpean dute birusa
Erresuma Batuaren atzetik Frantzia dago, 167.000 kasu eta 24.600 hildakorekin, ondoren Alemania, 164.000 kasu eta 6.700 hildakorekin, gero Turkia, 122.000 kasu eta 3.200 hildako baino gehiagorekin, eta ondoren Errusia, 114.000 positibo eta 1.100 hildako baino gehiagorekin.
Txina, gaixotasuna hasi zen herrialdea, hamaikagarren tokian da, 84.000 positibo eta 4.600 hildakorekin, birusa ia kontrolpean duela.