AEB-Venezuela
Venezuelako erasoen inguruko azalpenak eskatu dizkiote AEBko senatariek Trumpi
Agentziak | Erredakzioa
Gutun batean, Nicolas Maduroren gobernuak salatutako inbasio saiakerari buruzko azalpenak eskatu dituzte Chris Murphy, Tim Kaine eta Tom Udall senatariek.
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) bi militar ohik, hainbat lagunekin batera, Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen exekutiboaren aurka egindako eraso saiakeraren berri ote zuen galdetu diote AEBko hiru senatarik Donald Trumpen gobernuari, eta Washingtonek ekintza horretarako dirua bideratu duen ala ez argitzeko eskatu diote.
"Maduro diktadore bat da, eta demokrazian berriro bizitzea merezi dute venezuelarrek, baina hori diplomazia sendo eta eraginkor baten bidez lortuko da bakarrik, ez abentura militarren bidez", esan diete hiru senatariek Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariari, William Barr fiskal nagusiari eta Richard Grenell AEBko inteligentzia zerbitzuko behin-behineko zuzendariari.
Gutun batean, Nicolas Maduroren gobernuak salatutako inbasio saiakerari buruzko azalpenak eskatu dituzte Chris Murphy, Tim Kaine eta Tom Udall senatariek, Alderdi Demokratako kide eta Senatuko Kanpo Harremanetarako Batzordeko ordezkariak.
"AEBko Gobernuak ez zuen aurretik prestatutako ekintza horien berri edo jakinaren gainean zegoen eta jarduteko baimena eman zien. Bi aukera horiek larriak dira", azpimarratu dute hiru senatariek gutun horretan.
Igandea eta astelehena bitartean, Venezuelako agintariek itsasotik egindako bi inbasio saiakera geldiarazi zituzten Aragua eta La Guaira estatuetan, Caracas hiriburutik gertu. Guztira, zortzi pertsona hil ziren eta 18 atxilotu zituzten. Venezuelako Gobernuak zabaldutako frogen arabera, atxilotuen artean AEBko bi militar ohi daude.