Itxi

Koronabirusa

Italiak mugak irekiko ditu berriro ekainaren 3tik aurrera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gainera, ekainaren 15tik aurrera antzokiak eta zinema-aretoak irekiko dituzte, eta haurrentzako udalekuak antolatuko, Giuseppe Conte Italiako presidenteak iragarri duenez.

Bidaiariei gorputza-tenperatura neurtzen diete Erromako aireportuan. Argazkia: EFE

Giuseppe Conte Italiako presidenteak iragarri duenez, ekainaren 15tik aurrera Italiako antzokiak eta zinema-aretoak irekiko eta haurrentzako udalekuak antolatuko dituzte. Gainera, ekainaren 3az geroztik, Europar Batasuneko herrialdeekiko mugak berriro irekiko dituzte, eta hori turismoaren mesederako izatea espero du Italiako presidenteak.

20:30ak pasata kazetarien aurrean agerraldia egin du Contek eskualdeko laguntzarekin onartutako azken bi dekretuen nondik norakoak azaltzeko. Astelehenetik aurrera, irekiko dituzte denda txikiak, jatetxeak, ileapandegiak eta gozotegiak. Horrekin batera, maiatzaren 25etik aurrera, igerilekuak eta gimnasioak ere irekiko dituzte. 

Contek gogoratu duenez, astelehenetik aurrera Italiako edozein eskualdera bidaiatu ahalko dute herritarrek, inolako arrazoirik justifikatu gabe. "Bizitza soziala eta lagunekin elkartzea itzuliko dira", azaldu du, baina talde handien arteko bilkurek debekatuta jarraitzen dutela zehaztu du.

Pertsonen arteko distantzia metro batekoa izango da, eta babes-maskara eramatea gomendatuko da, leku itxietan eta jende asko pilatu daitekeen leku irekietan ere. Dendetan sartzeko derrigorrezkoa izango da musuko erabiltzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (3)