Itxi

Koronabirusa

Ekonomia suspertzeko plan bat prestatzen ari da Europa, pandemiari aurre egin nahian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Frantziak eta Alemaniak 500.000 milioi euroko funtsa sortzea proposatu dute, pandemiak eragin gehien izan duen herrialdeei laguntzeko helburuarekin.

Paris (Frantzia), turistarik gabe, koronabirusak eragindako pandemia dela eta. Argazkia: EFE

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren gaur egungo egoera aisialdia eta turismoa suspertzea ahalbidetzen ari da Europan udara begira, konfinamenduaren ondorioz jarduera behin-behinean eteteak eragindako krisi ekonomikoa arintzeko asmoz Europar Batasuneko (EB) herrialdeak epe luzeagorako planak aztertzen dituzten bitartean. Helburu horrekin, Frantziak eta Alemaniak 500.000 milioi euroko funtsa sortzea proposatu dute, pandemiaren kalte handiena jasan duten herrialdeei laguntzeko.

Italian, koronabirusaren eraginez lurralde osoan konfinamendua ezarri zuen munduko lehen herrialdean, hiriek haien ohiko jarduera berreskuratu dute 10 asteko blokeoaren ostean. Denbora honetan, 32.000 pertsona inguru hil dira koronabirusaren eraginez eta 250.000 bat positibo zenbatu dituzte.

Dendak, jatetxeak, hotelak, ile-apaindegiak, museoak eta hondartzak ere ireki dituzte, baina segurtasun-neurriekin. Gainera, mezak ematen hasi dira berriro, betiere agintariek gomendatutako distantzia-neurriak errespetatuz. Lehenengoetako bat Frantzisko aita santuak San Petriren basilikan egindako elizkizuna izan da; izan ere, martxoaren 10etik bisitarientzat itxita egon ondoren, berriro ireki dute.

Bergamon, pandemiak gehien kolpatutako hirietako batean, aireportua ere berriro ireki dute. Testuinguru horretan, ekainaren 3an, Italiak Europar Batasuneko herrialdeekin dituen mugak irekiko ditu, turistei koarentena ezarri gabe, eta eskualde ezberdinen arteko mugimendua ahalbidetuko da.

Bestalde, ekainaren 15etik aurrera herritarrei uda kanpoan igarotzeko aukera ematea aztertzen ari dira Frantzian eta Alemanian, baina pandemiaren bilakaerak eman beharreko urratsak baldintzatuko dituela ohartarazi dute.

Udako oporrei begira hartu nahi dituzten neurriez gain, Frantziako presidenteak eta Alemaniako kantzilerrak Europako ekonomia suspertzen laguntzeko 500.000 milioi euroko funtsa sortzea proposatu dute, pandemiak gehien zigortutako herrialdeen esku uzteko.

Egungo krisia atzean utzita, "Europar Batasun indartsu eta bateratua" lortzea da helburua. Proposatutako funts horren kopurua handiagoa izan daiteke, eta, hasiera batean, pandemiaren ondorioak arintzeko bideratuko litzateke.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (3)