Koronabirusa
4,69 milioi pertsona gaixotu eta 315.000 hil dira koronabirusarekin munduan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuak dira kasu gehien duen herrialdea, Errusia, Erresuma Batua, Brasil eta Espainiaren aurretik. Igandean lehenengo aldiz 100.000 lagun baino gehiago kutsatu ziren munduan.
Munduko Osasun Erakundeak astearte honetan zabaldutako datuen arabera, dagoeneko 4,69 milioi pertsona kutsatu dira koronabirusarekin munduan, eta gaitzarekin hildako lagunak 315.131 dira.
Egunean antzemandako kasu berrien kopurua 80.000 inguruan egonkortuta egon da azken hilabetean, baina orain berriro hasi da goraka eta igandean, adibidez, 100.000 kasu detektatu zituzten. Egun bakarrean inoiz eman den zifrarik altuena.
Ameriketan 2,08 milioi pertsona daude COVID-19arekin gaixorik; Europan, 1,89 milioi dira; eta Ekialde Ertainean, 346.000.
Ameriketako Estatu Batuak dira kutsatu kopuru handiena duen herrialdea, Errusia, Erresuma Batua, Brasil eta Espainiaren aurretik. Halaber, India eta Peru 100.000 kasutik gora pilatzear daude.
Datu ofizialen arabera, munduan 1,93 milioi pertsona sendatu dira, eta egoera larrian dauden pazienteen kopurua 45.000 jaitsi da azken orduetan.