Koronabirusa
Udan atzerrira oporretan ez joatea gomendatu du Frantziak
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi duenez, "gaur egun herritarrei ezin zaie gomendatu oporrak Espainian erreserbatzea".
Uda honetan oporretan beste herrialde batera joateko asmoa duten herritarrei Frantzian geratzea gomendatu die Elisabeth Borne Frantziako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz egon daitezkeen muga-kontrolak direla eta.
France Inter irratian egindako elkarrizketan, uztailerako eta abuzturako oporretarako erreserbak lehenbailehen egiten hasteko eskatu die frantziarrei Bornek (Frantziako garraio arduraduna ere bada), eta "datorren astean" ekaineko oporraldiei buruzko erabakiak hartuko dituztela aurreratu du.
"Europan zirkulazio askekoak diren Schengen eremuko mugak kontrolpean jarraituko dute uda honetan. Horregatik, atzerrian oporrik ez igarotzea gomendatzen diegu frantziarrei", esan du.
Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak Europako turisten etorrera ahalbidetzeko asmoz mugak irekitzeko hartutako erabakiaz ministroak adierazi duenez, "ezinezkoa da frantziarrei gaur egun Espainian oporrak erreserbatzea gomendatzea".
"Mugak irekitzea Espainiak hartu duen erabaki bat da, baina, aldi berean, herrialdeak neurriak hartu ditu hegazkinez iristen diren pertsonentzat, eta hori kontraesankorra da", gaineratu du.