Arrazakeria AEBn
Hildako bat eta bi zauritu gehiago, George Floyden hilketak eragindako protestetan
Agentziak | Erredakzioa
Istiluek areagotzen jarraitzen dute eta, horri aurre egiteko, etxeratzeko agindua Los Angeles, Atlanta eta Filadelfia bezalako hiri handietara zabaldu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pertsona bat hil da, gutxienez, eta beste bi zauritu Indianapolisen George Floyd gizonezko beltzaren hilketaren ondorioz izandako protestetan gertatutako tiroketa batean, Poliziak aditzera emandakoaren arabera.
Gertaera manifestazioen epizentrotik gertu izan da, Momument Circle izeneko lekuan, Randal Taylor hiriko Polizia-buruak prentsaurrekoan adierazi duenez.
Josh Barker haren laguntzaileak konfirmatu egin du ikerketa bat abian jarri dutela eta tiroketa protestekin erlazionatuta egon daitekeela, baina oraindik ez dutela konfirmaziorik lortu. Barkerrek esan duenez, tiroketa ugari izan dira hirian.
Gertaerek agenteekin zerikusirik izan ez dutela adierazi du Twitterren Indianapoliseko Poliziak.
Etxeratzeko agindua zabaldu egin dute
Etxeratzeko agindua AEBetako hiri nagusietako batzuetara zabaldu da, protestek etenik ez dutela ikusita.
Los Angeles da hiri horietako bat, Eric Garcetti alkateak etxeratzeko agindua indarrean dagoela iragarri du: “Manifestarien, segurtasun indarren eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko etxeratzeko agindua ezarriko dugu 20:00etatik 05:00etara”.
Atlantan, Keisha Lance Bottoms alkateak etxeratzeko agindua ezarri du larunbateko 21:00etatik igandera arte, azken orduetan istilu larriak egon ostean.
Filadelfia eta beste hiri batzuk
Bestalde, Jin Kenney Filadelfiako alkateak ere etxeratzeko derrigorrezko agindua ezarri du 20:00etatik 06:00etara, hiriko Poliziak jakitera emandakoaren arabera. “Oinarrizko jardueretan lan egiten duten pertsonek bakarrik izango dute kalera ateratzeko baimena”, azaldu dute Poliziako arduradunek.
Miamin, Rochesterre, Louisvillen eta Clevelanden ere etxeratzeko agindua ezarri dute.