Koronabirusa
Kutsatuak bilatzeko StopCOVID aplikazioak eztabaida etikoa piztu du Frantzian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bere erabilera borondatezkoa bada ere, Frantziako gizartearen hainbat alorrek zalantzan jarri dituzte aplikazio horren segurtasuna eta eraginkortasuna.
Koronabirusaren epidemia kontrolatzen laguntzeko Frantziako Gobernuak sortu duen StopCOVID aplikazio digitalak susmo guztiak zabaldu ditu herrialdean, eskubide zibilen alde borrokan diharduten taldeen artean bereziki. Horien aburuz, norbanakoaren askatasunen aurkako arriskua dakar aplikazio horrek.
Aplikazio horren erabilera borondatezkoa izango da. Koronabirusan positibo emanez gero, metro bat baino gutxiagoko distantzian eta gutxienez 15 minutuz egondako erabiltzaileei abisua emango die Bluetoothen bidez, azken horiei ere proba egin diezaieten kutsatzeak gelditzeko asmoz.
Datorren asteartean egongo da prest StopCOVID aplikazioa, Frantziako deseskalatzearen fase berriaren lehenengo egunarekin bat eginda. Aplikazio horrek Frantziako Parlamentuaren eta Informatika eta Askatasunen Batzorde Nazionalaren oniritzia jaso du baina, apirilaren 8az geroztik (aplikazioa aurkeztu zuten eguna), kezka zabaldu da.
Frantziako Gobernuak dioenez, ezinezkoa izango da erabiltzailearen identitatea edo non egon den jakitea, erabilera borondatezkoa eta murriztua izango baita. Koronabirusaren pandemiak gutxienez 28.700 hildako eragin ditu Frantzian.
Adituek diotenez, aplikazioa benetan eraginkorra izateko, herritarren % 60k erabili beharko luke, baina beste herrialdeetan, esaterako Singapurren edo Hego Korean, izandako eskarmentuen arabera, herritarren % 30k bakarrik erabili zuen.
Bluetootharen erabileragatik ere jomugan jarri dute aplikazioa. Benjamin Nguyen Orleanseko Unibertsitateko Oinarrizko Informatika Laborategiko nagusiaren hitzetan, "kalibraketa da gakoa, distantzia kalkulatzeko potentzia telefonoaren markaren eta ereduaren araberakoa baita".