Ameriketako Estatu Batuak
Familiaren autopsiaren arabera, George Floyd atxiloketan asfixiatuta hil zen
Agentziak | Erredakzioa
Autopsia horrek ezeztatu egiten du bertsio ofiziala. Hildakoaren senideek deitu dute protestekin jarraitzera, baina bakea ere eskatu dute.
Minneapolisen maiatzaren 25ean polizia-atxiloketa batean hil zen George Floyd afroamerikarraren familiak eskatutako autopsiaren arabera, 46 urteko gizona asfixiatuta hil zen atxilotu zuten lekuan. Horrek ezeztatu egiten du Poliziaren bertsioa.
Autopsiaren arabera, asfixia lepoan eta bizkarrean egindako konpresio jarraituak eragin zuen; izan ere, burmuinerako odol-fluxurik ez egotea eragin zuen, Ben Crump familiaren abokatuak prentsaurrekoan azaldu eta AEBko prentsak zabaldu duenez.
Autopsia horren arduradunaren (Allecia Wilson) esanetan, Floyden heriotza "homizidioa" izan zen. Crumpek nabarmendu du Floyd "hilda" geratu zela atxilotu zuten lekuan.
"Anbulantzia hil-autoa izan zuen", adierazi du Crumpek. "Polizia-agenteek eragin zuten heriotza", azpimarratu du familiaren beste abokatu batek, Antonio Romanuccik. Romanucciren hitzetan, Minneapolisko Polizian "akats larriak eta sistemikoak daude".
Halaber, Crumpek galdegin du Floyden heriotza eragin zuen atxiloketan nahasitako agente guztiak atxilotzea, eta Derek Chauvin agenteari lehen graduko hilketa egoztea. Sare sozialetan zabaldutako bideo batek erakusten duenez, Chauvinek ia bederatzi minutuz egin zuen presioa, belauna erabiliz, Floyden lepoaren gainean. "Ezin dut arnasarik hartu" esan zuen Floydek konortea galdu aurretik; esaldi hori protesten ikur bilakatu da.
Chauvin agentea atxilotu ondoren, Hennepin konderriko Fiskaltzan argitaratutako kargu-orriaren arabera, Hennepingo konderriko forentseak ez zuen atzeman "zantzu fisikorik, asfixia traumatikorik edo itotzerik".
Senideek protestekin jarraitzeko eskatu dute, baina bakea deituta
Astelehen honetan bertan, Floyden hainbat senidek gizona hil zen tokia bisitatu dute, eta, une hunkigarri batean, zenbait manifestarik jaso dituzte, belauna lurrean jarrita.
Terrence Floyd, George Floyden anaia, lagun baten besoetan erori da, bertara iristen ari zenean. "Ia-ia ezin zuen hitz egin", esan du bertan zegoen CNNko korrespontsal batek. Jende asko bildu da bertan, "jende baketsu eta adeitsua", horren esanetan.
Azkenean, Terrence Floydek hitz batzuk zuzendu dizkie bertan zeuden herritarrei, bakerako deia eginda. Nabarmendu duenez, familia "baketsua" da, "Jainkoaren beldur".
Hain zuzen ere, "basatuta" dauden herritarrei egin die aipamena, "hainbat gauza leherrarazten ari diren herritarrei. Zertan ari zarete? Honek berriro ekarriko digu anaia?", azpimarratu du. Ildo horretan, "beste modu batean" aritzeko eskatu die manifestariei, eta botoa emateko: "Amaitu zuen ikasketak, eta jakin ezazue zer ari zaren bozkatzen. Horrela egingo diegu min. Aldatu beharra dago", nabarmendu du.
Kevin McCall apaizak ere parte hartu du ekitaldian; McCall familiaren laguna da. "Familiak bakea eskatu du. Familiak bakea eskatu du. Familiak bakea eskatu du", esan du.
"Herrialde osoko jendeari mezua ari gatzaizkio bidaltzen, arpilatzeak amai daitezen. Bakearen ikurra altxa ezazue. Boterea kopuruan dago. Ez utzi protestatzeari, baina bakearen ikurra altxa ezazue", esan du.
Floyd maiatzaren 25ean hil ostean, milaka lagun bildu dira Ameriketako Estatu Batuetan azken egunotan izandako hainbat manifestaziotan. Derek Chauvin izeneko polizia zuri batek belauna jarri zion lepoan, luzaroan, eta itota hil zen. Agentea atxilotuta dago, eta hirugarren graduko homizidioa egotzi diote.