Ameriketako Estatu Batuak
Protesta gehiago AEBn, Floyd hil eta zortzi egunera
Agentziak | Erredakzioa
Washingtonen, hesi handi batek saihestu du manifestariak Etxe Zurira hurbiltzea; New Yorken, etxeratze-agindua 20:00etara arte aurreratu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Justizia galdegiteko eta arrazismoaren aurka egiteko protestak, George Floyd afroamerikarraren heriotza gertatu zenetik zortzi egun joan direnean, ez dira bukatu Ameriketako Estatu Batuetan (AEB).
Hala, Washington hiriburuan, hesi handi batek saihestu du manifestariak Etxe Zurira hurbiltzea; New Yorken, agintariek ohartarazi dute kaleetan jendetza egonda hedatu egin daitekeela koronabirusa, eta etxeratze-agindua 20:00etara arte aurreratu dute, gauean arpilatzeak izan ostean.
Alde batetik, Washingtonen, ehunka manifestari bildu dira, berriro ere, hiriko erdigunean, protesta baketsuan, baina hesi erraldoi batek saihestu du manifestariak Etxe Zurira gerturatzea. Agintariek, bitartean, segurtasun-plana are gehiago indartuko dutela iragarri dute.
"Ezin dut arnastu!" oihukatu dute 100 bat herritarrek, lurrean etzanda, H eta 16 kaleen arteko bidegurutzean; George Floydek asfixiatuta hil aurretik esan zuen esaldi hori, Poliziaren agente batek belauna bere lepoan zuela.
Manifestariek ezin izan dute Etxe Zurira gerturatu; izan ere, bi metro eta erdiko hesi metalikoa jarri dute astearte goizean, segurtasun-indarrek babestuta. Hesia Lafayette parkeko iparraldean ipini dute, AEBko presidentearen etxearen aldamenean.
Parke horretan bertan, astelehen arratsaldean, segurtasun-indarrek negarra eragiteko gasa erabili zuten manifestarien aurka. Donald Trump presidenteak oinez zeharkatu zuen plaza, eta kameren aurrean jarri zen, Biblia bat eskuan zuela, Saint John elizaren aurrean.
Protesta gehiago, New Yorken
Bestetik, protesta gehiago izan dira New Yorken, nahiz eta agintariek ohartarazi duten arriskua dagoela koronabirusa hedatzeko. Gauean, arpilatzeak izan dira Manhattanen, eta, ondorioz, Bill de Blasiok igandera arte luzatu du etxeratze-agindua.
Egunez, protestak baketsuak izan dira, baina etxeratze-agindua (New Yorken azken 80 urteotan lehena) 20:00etara arte aurreratu dute, asteleheneko indarkeria iluntzean hasi baitzen.
Manhattan erdialdeko zenbait dendatan, bereziki luxuzko saltoki batzuetan, arpilatzeak izan dira gauean; Bronxen ere izan dira istiluak, eta gutxienez bi agentek erasoa jasan dute.
Guztira, 700 lagun baino gehiago atxilotu dituzte; protestak hasi zirenetik izan den atxiloketa kopuru handiena.
Halaber, milaka manifestarik Los Angelesko kaleak bete dituzte protesta baketsuetan. Manifestariak Hollywoodeko eta Downtowneko gune enblematikoetatik ibili dira azken egunetan egindako martxa jendetsuenetan.
Eguneko protestetan giro lasaia nagusitu arren, gauean, etxeratze-agindua ezartzera behartu duten arpilatzeen eta istiluen irudiak ikusi dira beste egun batez; hala, azken lau gauetan 2.700 pertsona atxilotu dituzte.