Ameriketako Estatu Batuak
Aurpegi ezagunek bat egin dute AEBko gazteen protestekin
Agentziak | Erredakzioa
Bonok, Beyoncek, Lady Gagak edota Barack Obamak poliziaren indarkeriaren eta arrazakeriaren aurka "Black Lives Matter" mugimenduko protestetan parte hartzen ari diren gazteak txalotu dituzte.
Condoleezza Rice eta Robert Gates Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Estatu idazkari ohiez gain, Bono, Beyonce, Lady Gaga, Mark Hamill, Katy Perry eta Taylor Swift ezagunek, besteak beste, Michelle eta Barack Obamaren deiari erantzun diote, eta milaka pertsona batu dituen YouTube Class of 2020 ekimenaren anfitrioiak izan dira igande honetan.
Ekimen horretan, "Black Lives Matter" (Beltzen bizitzak axola du) mugimenduaren protestetan parte hartzen ari diren gazteak txalotu dituzte hizlariek, eta, politikan parte hartuz, uneotan sentitzen duten "amorrua" aldaketa zehatzetan eraldatu dezaketela esan diete Poliziaren indarkeria eta arrazakeria salatzen duten gazteei.
Azken asteotan, AEBn bigarren hezkuntzan eta unibertsitate ikasketetan graduatu diren 6.000.000 pertsona baino gehiago batu dira ekitaldian. Hiru orduz, haien hitzaldietan "indibidualismo estatubatuar modernoaren aroari amaiera emateko" eskatu dute, gizabanakoa kolektiboaren gainetik jartzen baita.
"Gaur egun indarrean dagoen sistema aldatzeko ikusten ditugun gazteen protestek gauzak ezin ditugula egintzat eman gogorarazten digute, eta gauzak hobetzeko lan egin behar dugula. Hala, norbanakoaren ongizatea bere komunitatearen ongizatearen menpe dagoela gogorarazten digute", esan du Barack Obama AEBko presidente ohiak (2009-2017) ekitaldiaren amaieran.
"Berdin dio zenbat diru irabazten duzun zure inguruko guztiak gose badira eta gaixorik badaude. Gure herriak eta demokraziak geure buruarengan ez ezik besteengan ere pentsatzen dugunean bakarrik funtzionatzen dutela gogorarazten digute protesta horiek", azpimarratu du.
"Zuen esku dago protesta horiek plan eta politika zehatzekin batzea; antolaketarekin, mobilizazioarekin eta botoekin. Amorrua horretarako indar boteretsua da. Erabilgarria izan daitekeen indarra da. Baina fokurik gabe uzten bada, ihes egin eta ingurukoa suntsitzen du, barrutik zein kanpotik kaosa ekarriz", adierazi du Michelle Obama lehen dama ohiak.
Ekitaldiaren hasieran, Alicia Keys abeslariak gazteen konpromisoa txalotu du COVID-19ak eragindako pandemiaren biktimei laguntzeko erakutsi duten jarreragatik, baita herrialdean berdintasunaren aldeko protestetan parte hartzeagatik ere.
Beyoncek, berriz, bazterketa arrakastarako bultzada izan daitekeela esan du. Horrez gain, "alde ahulena erakutsiz maskulinitate berri bat definitzera" gonbidatu ditu gizonak.
"Taldearen indarra ikusi dugu. Badakigu zer gertatzen den helburu bera lortzeko denok bat egiten dugunean. Mesedez, jarrai ezazue ahotsa ez dutenei ahotsa ematen... Eskerrik asko mundu osoko herritarrei beltzen bizitzek ere axola dutela esateagatik", gaineratu du.