Itxi

Koronabirusa

Pandemiaren bilakaera bide onetik doa Europan, baina "okerrerantz" egin du munduan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kasu bakoitza "atzematen, isolatzen, aztertzen eta artatzen" jarraitzeko eskatu du MOEko zuzendari nagusiak, baita kasu horien kontaktu guztiak arakatzeko eta koarentenan jartzeko ere.

Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusia. Argazkia: EFE

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusiak astelehen honetan ohartarazi duenez, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera bide onetik doa Europako herrialdeetan, baina mundu mailan egoerak "okerrerantz" egin duela ohartarazi du.

Horren hitzetan, azken 10 egunetan, gaitza atzemateko probetan baieztatutako 100.000 kasu kasu baino gehiago jakinarazi zaizkio MOEri, eta igandean azaleratu ziren kasuen % 75 10 herrialdetakoak ziren, Amerikakoak eta Asia hegoaldekoak bereziki.

Gainera, Afrikako herrialde gehienetan kasuak ugaritzen ari direla esan du MOEko zuzendari nagusiak. Hala, Europa ekialdeko eta Asia erdialdeko zenbait lekutan kasuak ugaritu egin direla onartu duen arren, eskualde askotan dagoeneko gaixotasunaren bilakaera hoberantz egiten ari dela erakusten duten "zantzu oso positiboak" atzeman daitezkeela nabarmendu du.

Testuinguru horretan, koronabirusari aurre egiteko eta birusa hedatzen ez dela bermatzeko, kasuen "zaintza aktiboaren garrantzia" nabarmendu du MOEko zuzendari nagusiak, bereziki nazioarteko herrialdeetako agintariek taldeko bilerak baimentzen hasi direlako.

Hori dela eta, kasu bakoitza atzematen, isolatzen, aztertzen eta artatzen jarraitzeko eskatu du Tedrosek, baita kasu horien kontaktu guztiak arakatzeko eta koarentenan jartzeko ere.

"Pandemiaren hasieratik sei hilabete baino gehiago igaro eta gero, hau ez da herrialdeak lasaitzeko unea, buru-belarri jarduten jarraitzeko unea da, zientzia, konponbideak eta elkartasuna oinarri hartuta", gaineratu du MOEko zuzendari nagusiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (3)