Itxi

Estatu Batuak

Istiluak larriak izan dira Atlantan, Poliziak beste gazte beltz bat hil ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

27 urteko Rayshard Brooks tiroz hil zuen Poliziak, hura atxilotzen ari zirela. Hilketarekin lotutako bi agenteak kaleratu dituzte.

Istiluak Atlantan Rayshard Brooks gazte beltzaren hilketaren aurka. Argazkia: EFE

Gutxienez 36 lagun atxilotu dituzte Atlantan, Rayshard Brooks izeneko gazte beltz bat Poliziak tiroz hil egin osteko istiluetan. Atlantako Polizia Sailak CNN telebista-kateari jakinarazi dionez, gaztea atxilotzen ari zirela, horrek aurre egin zien agenteei eta horren bitartean, poliziek tiro egin zuten.

Gertaera osoa ikertzen ari dira. Poliziaren txostenaren arabera, "fast food" jatetxe bateko aparlekuan zegoen Brooks aparkatuta, kotxe barruan lo egiten. Bezeroen joan-etorriak oztopatzen zuen gaztearen autoak, ondorioz, Poliziak esku hartu zuen. Alkohol proba egin zioten Brooksi, eta positibo eman zuen.

Une batean agente bati deskarga eletrikoko arma kentzen eta ihes egiten saiatu zen Brooks, txostenaren aburuz, eta orduan agenteek tiro egin zuten eta gaztea hil.

Atlantako Poliziak adierazi duenez, segurtasun kameren irudiak eta lekukoen testigantzak biltzen ari dira jazoeraren nondik norakoak argitzeko. Gertaerarekin lotutako bi agenteak kaleratu dituzte, eta Atlantako poliziaburuak, berriz, dimisioa eman du.

Krimena gertatu zen lekuan protesta larriak izan dira, eta sute bat nahita piztera ere iritsi dira. Orduan Polizia azaldu da eta manifestariak sakabanatu ditu gas negar-eragilea erabilita.

Albisteak (3)