Koronabirusa
AEBn ia 116.000 hildako eta 2,1 milioi kasu zenbatu dituzte jada
Agentziak | Erredakzioa
New York da pandemia hasi zenetik gehien kaltetutako eremua, 383.324 kasu eta 30.825 hildako zenbatu baitituzte bertan orain arte. Adituen ustez, ekonomia sustatzeko neurriek eragin dute igoera.
COVID-19 gaitza atzemateko probetan 2.091.348 positibo zenbatu dituzte orain arte Ameriketako Estatu Batuetan (AEB). Horrez gainera, 115.706 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz pandemia hasi zenetik, Johns Hopkins Unibertsitateak argitaratutako datuen arabera. Izan ere, 436 hildako eta 22.141 kasu gehiago zenbatu dituzte herrialdean azken 24 orduetan.
Testuinguru horretan, New York da pandemia hasi zenetik gehien kaltetutako eremua, orain arte 383.324 kasu eta 30.825 hildako zenbatu baitituzte. Pandemia hasi zenean, New York gaitzaren erdigune bihurtu zen, eta egunean 10.000 kasu zenbatzera iritsi ziren apirilaren erdialdean. Alabaina, azken hilabetean hartutako prebentzio neurriei esker birusaren agerraldia kontrolpean hartzea lortu dute.
New Yorken ostean, New Jerseyn zenbatu dituzte kasu gehien pandemia hasi zenetik: 166.881 kutsatu eta 12.659 hildako. Jarraian, Kalifornia dago, foku berrietako bat bihurtu baita, dagoeneko 150.101 kutsatu eta 5.086 hildako zenbatu baitituzte bertan, azken datuen arabera.
Halaber, orain arte COVID-19 kasu askorik baieztatu ez zuten AEBko hainbat estatutan gorakada nabarmena atzeman dute azken egunetan.
Ildo horretatik, azken astean kasu berrien kopuruak gora egin du estatu hauetan: Alaska, Arizona, Arkansas, Ipar eta Hego Carolina, Ipar eta Hego Dakota, Florida, Georgia, Hawaii, Kentucky, Michigan, Nevada, Mexiko Berria, Oklahoma, Oregon, Utah, Vermont eta Washington.
Texasen, kutsatzeak saihestu zituzten pandemiaren hasieran, eta ekonomia suspertzeko neurriak hartu zituen lehen estatuetako bat izan zen, baina asteazkenean eta ostegunean 2.000 kasu gehiago baieztatu zituzten; orain arte zenbatutako kopururik altuena. Guztira, 87.739 kasu atzeman dituzte eta 983 pertsona hil dira Texasen.
Osasun arloko adituen ustez, ekonomia sustatzeko neurriek eragin dute kasuen igoera. Hala, hildakoen gaur egungo balantzeak Etxe Zuriaren hasierako aurreikuspenik baxuena gainditu du; izan ere, koronabirusaren ondorioz 100.000 eta 240.000 heriotza artean izango zirela aurreikusi zuten.