Ipar Korea
Ipar Koreak Hego Korearekin lotzen zuen bulegoa suntsitu du
Agentziak | Erredakzioa
Piongiangek duela egun batzuk Ipar Koreako Kaesong hirian kokatutako bulego sinbolikoa suntsitzeko mehatxua egin zuen.
Ipar Koreako Erregimenak Hego Koreako Gobernuarekin komunikatzeko erabiltzen zuen lotura-bulegoa suntsitu du leherketa batekin. Muga komunean propagandarako panfletoak jaurtitzeagatik Korea bien arteko lankidetza bertan behera geratu ondoren gertatu da, Hego Koreako Bateratze Ministerioaren arabera.
Hego Koreako iturri militarrek Kaesong inguruan leherketa bat egon zela eta inguruan kea zegoela adierazi zuten hasieran. Horren eragileei buruzko espekulazioen ostean, Hego Koreako Gobernuak baieztatu egin du Kim Jong Unen erregimenak instalazioak eraitsi dituela, Yonhap agentziaren arabera.
Lotura-bulegoa Kim Jong Un Ipar Koreako presidenteak eta Moon Jae In Hego Koreako presidenteak 2018an izandako goi-bileraren lorpen nabarmenetako bat zen. Joan den astean utzi zion lan egiteari, desertoreek mugaren beste aldera propagandarako panfletoak jaurti izana kritikatu ondoren Piongiangek.