Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Auzitegi Gorenak atzera bota du gazte migratzaileak babesik gabe uzteko Trumpen plana

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Horrela, bada, 700.000 gazte migratzailek lanerako baimena eskuratzeko aukera izango dute, AEBtik kanporatuak izateko arriskurik gabe. Programa hori Barack Obamaren agintaldia onartu zen.

Migratzaileen bilkura, Auzitegi Gorenaren aurrean, Washingtonen. Argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak atzera bota du AEBra umetan iristen diren migratzaileak babesteko programa ezerezean uzteko Donald Trumpen Gobernuak abiarazitako ekimena.

Programa hori Barack Obama presidente ohiak jarri zuen martxan 2012an, eta 700.000 gazte migratzaile inguru dauden haren babespean.

Gorenak ebatzi du programa hori baliogabetuz gero, milaka pertsona legez kanpo deportatzeko aukera irekiko litzatekeela. John Roberts epaimahaiko presidente kontserbadoreak esan du Gobernuak "arbitrarioki" jokatu duela gai honetan.  

Bost magistratuk programa indargabetzeko eskariaren kontra bozkatu dute, eta beste laurak ebazpenaren aurka agertu dira.

Gauzak horrela, ehunka mila gazte migratzaileek beren afiliazioa eguneratzen eta lanerako baimena eskatzen jarraitu ahalko dute, Trumpen Gobernuak herrialdetik kanporatzeko beldurrik gabe.

Trump, haserre, eta Obama, pozik

Goreneko magistratu gehienak kontserbadoreak dira, baina, hala ere, Trumpek ez du bere helburua lortu eta gogor kritikatu du epaimahaia. "Auzitegi Gorenaren gustukoa ez naizela uste al duzue?", idatzi du Twitter sare sozialean.

Epaileek azken boladan hartu dituzten erabakiak "txarrak eta kara politikodunak" direla esan du. "Epaile gehiago behar ditugu edo bestela Bigarren Zuzenketa eta beste guztia galduko ditugu", adierazi du herritarrek armak eramateko eskubideari aipu eginez.

Barack Obama, berriz, pozik agertu da ebazpenarekin eta hurrengo hauteskundeetan demokraten alde bozkatzeko deia egin du, migrazio legearen erreforma sakonagoa gauzatu ahal izateko.

"Aste honetan zortzi urte bete dira AEBn baitan hazi diren gazte migratzaileak kaleratzea galarazi genuenetik", idatzi du Twitterren.

"Gaur, zoriontsua naiz haiengatik, beren senideengatik, eta gu guztiongatik. Itxura ezberdina izango dugu eta toki ezberdinetatik iritsi gara, baina ideiak konpartitzen ditugu eta horrek egiten gaitu estatubatuar", erantsi du.

 

Albisteak (2)