AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Trumpek hauteskundeak atzeratzea iradoki du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Estatu Batuetako presidentearen arabera, hauteskunde horiek posta bidezko botoekin egitea "historiako iruzurrik handienak" izango lirateke.
Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetarako 96 egun falta direnean, Donald Trump presidenteak, eta berriro hautagai denak, hauteskunde horiek atzeratzea iradoki du ostegun honetan, posta bidezko botoak "historiako iruzurrik handienak" izango liratekeela argudiatuta.
Trumpek Hillary Clinton aurkari demokratak baino hiru milioi boto gutxiago jaso zituen 2016an, eta Hauteskunde Elkargoan botoen bidez iritsi zen Presidentetzara. Orain, inkesta gehienetan, Joe Biden demokrataren atzetik agertzen da.
COVID-19ren pandemia dela eta, estatuko agintari ugarik, Alderdi Demokratak eta gizarte zibileko erakundeek, posta bidezko botoa sustatzen dute azaroaren 3ko hauteskundeetarako. Hauteskunde horiek, herrialdeko Presidentetza erabakitzeaz gain, Senatuaren heren bat eta Ordezkarien Ganberako kide guztiak berrituko dituzte.
With Universal Mail-In Voting (not Absentee Voting, which is good), 2020 will be the most INACCURATE & FRAUDULENT Election in history. It will be a great embarrassment to the USA. Delay the Election until people can properly, securely and safely vote???
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) July 30, 2020
"Posta bidezko boto unibertsalarekin 2020koa historiako hauteskunde zehaztugabe eta iruzurrezkoena izango da", adierazi du Trumpek Twitterren.
"Lotsa handia izango da AEBentzat", azaldu du Trumpek sare sozialean, eta jarraian bere proposamena helarazi du: "Herritarrek botoa modu egoki eta seguruan eman ahal izan arte hauteskundeak atzeratzea".
FOX telebista katearekin berriki egindako elkarrizketa batean, Trumpek iradoki zuen "ikusi egin beharko lukeela” hauteskundeen emaitza onartzen duen; adierazpen berdina egin zuen 2016ko hauteskundeak baino aste batzuk lehenago.
Errepublikaren 244 urteetan ez da inoiz bertan behera utzi Estatu Batuetako hauteskunde nazional bat, ezta 1864koa ere, herrialdea bere Gerra Zibilaren hirugarren urtean zegoenean ospatu zena.
Konstituzioaren arabera, AEBetako presidenteak ez du legezko aginterik hauteskunde bat atzeratzeko edo bertan behera uzteko. Izan ere, "Kongresuak zehaztu behar du hautesleen hautaketa data eta botoak zein egunetan emango dituzten, eta herrialde osorako aplikagarria izango da data hori".