Beiruteko eztandak
Beiruten eztanda egin zuen amonio-nitratoa Georgiako portu batetik irten zen, 2013an
Agentziak | Erredakzioa
Tbilisi gertaturikoarekin lotzeko edozein ahaleginek "ez du oinarririk", Georgiako Gobernuaren arabera.
Georgiak onartu du, asteazken honetan, asteartean Beiruten eztanda egin zuen amonio-nitratoko kargamentua Georgiako enpresa batek ekoiztu zuela, eta portu georgiar batetik irten zela, 2013an. Hala ere, ezbeharra eragin duten baldintzetatik aldendu da, erabat.
"Beiruten gordeta zegoen kargamentu hori, 2.750 tona, Batumiko portutik irten zen, Mozambikera bidean, Birako portura, Moldaviako bandera duen 'Rhosus' kargaontzian. Azken hori Giurgiulesti portu moldaviarrean zegoen inskribatuta", esan dio EFEri Georgiako Ekonomia Ministerioko Itsas Garraiobidearen Agentziako ordezkari batek.
Erakunde horren arabera, amonio-nitratoa "Georgiak esportatzen duen produktuetakoa da; urtero, kopuru handiak esportatzen ditu". 2020an, Potiko portutik, 52.307 tona esportatu dira, agentziako ordezkariaren esanetan.
Libanoko hiriburuan izandako eztandatik aldendu du Georgia iturri horrek; azpimarratu duenez, Tbilisi gertaturikoarekin lotzeko edozein ahaleginek "ez du oinarririk". Gehitu du, halaber, zamak garraiatu, prozesatu eta biltegiratzea herrialde hartzailearen lanak direla, ez esportatzailearenak.
Kargamentua 2013an irten zen Georgiatik, horrez gain, eta Georgiako portuek "segurtasun-arau guztiak betetzen dituzte. Bi urtean behin, nazioarteko adituek ikuskapenak egiten dituzte", azpimarratu du.
Rustavi AZOTen konbinatu kimikoan ekoizten du Georgiak amonio-nitratoa, Tbilisi hiriburutik 40 kilometrora. Hegoaldeko Kaukason, soilik bertan egiten dituzte ongarri mineralak eta amonio-ongarriak.