KORONABIRUSA
Errusiak koronabirusaren aurkako lehen txertoa erregistratu du
Agentziak | Erredakzioa
Errusiako presidentearen arabera, txertoa "eraginkorra" da, beharrezko proba guztiak gainditu ditu eta COVID-19aren aurrean "immunitate egonkorra" lortzeko aukera ematen du.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak astearte honetan iragarri duenez, Errusiak koronabirusaren aurkako txertoa lortu duela jakinarazi du, mundu osoan erregistratu den lehena. Gaur egun, egunean 5.000 kasu berri baino gutxiago atzematen dituzte bertan, baina 900.000 positibo inguru zenbatu dituzte orain arte.
"Gaur goizean COVID-19aren aurkako lehen txertoa erregistratu dugu munduan", iragarri du Errusiako agintariak Gobernu bilera batean, Sputnik albiste-agentziak zabaldutakoaren arabera.
Putinen esanetan, bere alabak ere hartu du txertoa, eta ekoizpena laster hastea espero duela erantsi du, errusiar guztiengana iristeko. Joan den astean, Kremlinek urria jo zuen koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina hasteko balizko data gisa.
Ordu batzuk lehenago, Nikolai Briko Osasun Ministerioko Epidemiologia buruak esan duenez, ez dago arrazoirik N. F. Gamaleya ikerketa zentroak koronabirusaren aurka egindako txertoa erregistratzeko prozesua atzeratzeko.
"Agian prozesua bizkortu egin da txertoa ustekabean garatu ez delako", esan du Brikok, eta lan "serio" baten emaitza dela aldarrikatu du, TASS albiste-agentziaren arabera.
Egunean 5.000 kasu baino gutxiago
Errusiak 5.000 koronabirus kasu berri baino gutxiago zenbatu ditu azken orduotan, eta apirilaren amaieratik lehen aldiz jaitsi da kopuru horretatik, pandemiaren bilakaera jarraitzen duen zentroak astearte honetan jakitera eman duenez.
"Azken 24 orduetan Errusian COVID-19aren 4.945 kasu baieztatu dira 84 eskualdetan", adierazi du Errusiako zentroak. Apirilaren 23ra jo behar da antzeko datu bat aurkitzeko, orduan 4.774 positibo berri erregistratu baitziren.
Guztira, 897.599 pertsona kutsatu dira, eta horietako 15.131 hil eta 703.175 suspertu dira (6.494, azken orduetan).
Errusia munduko laugarren herrialderik kaltetuena da, Ameriketako Estatu Batuen, Brasilen eta Indiaren atzetik. Koronabirusak guztira 20 milioi pertsonatik gora kutsatu ditu dagoeneko.
Sputnik V
Errusiak koronabirusaren aurka merkaturatuko duen txertoari Sputnik V izena jarri diote. "Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak 1957an bidali zuen orbitara arrakastaz munduko lehen satelitea, eta horrek mundu osoan ikerketak bultzatu zituen. Hori dela eta, Sputnik V deituko da txertoa", azaldu dute horren webean.