Itxi

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Joe Bidenek Kamala Harris hautatu du AEBko presidenteorde izateko demokraten hautagai

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Harris AEBko presidentetzarako demokraten hautagai izateko aurkeztu zen, baina bere kanpaina ez zen primarioen hasierara ere iritsi.

Joe Bidenek Kamala Harris aukeratu du AEBn presidenteorde izateko demokraten hautagai. Argazkia: EFE

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hauteskundeetarako hautagai demokrata eta presidenteorde ohiak iragarri duenez, Kamala Harris izango da alderdi horren presidenteordetzarako hautagaia.

"Ohore handia da niretzat Kamala Harris presidenteorde izateko hautagai aukeratu dudala iragartzea. Baliabide gutxi dituzten pertsonen eskubideen alde lan egin duen borrokalari sutsua eta funtzionariorik onenetakoa izango dut bidaide", nabarmendu du Bidenek Twitter bieza zabaldutako mezu batean.

Trumpen aurkariak nabarmendu duenez, fiskal nagusi izan zen garaian, Harrisek "banku handien aurka lan egin zuen, langileei lagundu zien eta emakumeak eta haurrak babestu zituen gehiegikerien aurrean". "Harro nengoen orduan, eta harro nago orain kanpaina honetan lankide izateaz", gaineratu du hautagai demokratak.

Hala, AEBren historian lehendabiziko emakume beltza da presidenteordetzarako hautagaitzan, eta hauteskundeak irabaziz gero, kargu horretan lehendabiziko emakumea izango da Harris.

Kaliforniako Oakland hirian jaio zen, 1964an. Guraso etorkinak zituen: ama Indiakoa, eta aita berriz jamaikarra. 2011tik 2017ra Kaliforniako Fiskal Nagusia izan zen, eta duela hiru urtetik senataria da.

"Presidenteorde izateko hautagai gisa, Bidenekin bat egiteko ohorea dut, eta behar den guztia egingo dut gure alderdiko hautagaia presidente bihurtzeko", esan du Harrisek Twitterren, Bidenek hartutako erabakia jakinarazi ostean.

"Presidente gisa, gure ideiekin bat datorren herrialdea eraikiko du", azpimarratu du Harrisek. Gainera, Bidenek "AEBko herritarrak elkartu" ditzakeela esan du, "bere bizitza osoa gure eskubideen alde borrokatzen" igaro duela iritzita.

Hain zuzen ere, arrazakeria instituzionalaren aurkako protestak areagotzen ari diren unean jakinarazi du Bidenek Harris aukeratu duela presidenteorde izateko hautagai; izan ere, joan den maiatzean George Floyd Minesotako Poliziaren esku hil zenetik nabarmen areagotu dira herritarren protestak.

Harrisek ekainean iragarri zuen Bidenen Alderdi Demokrataren hautagaitza babesten zuela AEBko presidente izateko, "inor ez" dagoela bera baino hobeto prestatuta iritzita. Harris AEBko presidentetzarako demokraten hautagai izateko aurkeztu zen, baina bere kanpaina ez zen primarioen hasierara ere iritsi.

Bestalde, Donald Trump AEBko presidenteak, bere iritzia eman nahi izan du herrialde horretako hauteskunde orokorretan bere aurkaria izango denaren iragarpenren harira. Hala, Harris "iruzurtia" dela esaten duen bideo bat zabaldu du bere sare sozialetan.

Bideo horretan, gainera, Biden "ez dela oso argia" ziurtatzen da, eta Alderdi Demokrataren agintea Harrisi eta "ezker-muturrari" eman diotela.

Ildo horretatik, Trumpek partekatutako bideoak dio Kamalak Bernie Sandersen "osasun sistema sozializatzeko" planak onartu zituela, "bilioi bat zerga berri" eskatu zituela eta "Bideni bere politika arrazistengatik eraso" egin ziola.

Albisteak (4)