LIBANO
Libano, larrialdi-egoeran leherketa eta koronabirusagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Michel Aoun Libanoko presidenteak asteazkenean onartu zuen leherketa izan baino bi aste lehenagotik zekiela portuan amonio-nitrato “kantitate handi bat” zegoela.
Libanoko Parlamentuak ostegunean onartu du Gobernuak pasa den astean Beiruten 177 pertsona hil eta 6.000 zauritu zituen leherketaren harira ezarritako larrialdi-egoera. Egoera hori koronabirusagatik ere luzatuko da, ezbeharraren ondorioz biktimak artatzeko osasun-sistemak dituen zailtasunak direla eta.
“Libano gure begien aurrean hiltzen ari da” baieztatu zuen asteazkenean Nabih Berri Parlamentuko presidenteak. Orain egiteko dagoen bakarra herrialdeak bizi duen krisirik krudelenari aurre egiteko “kirurgia” bat egitea dela gaineratu zuen.
Horrez gain, Hasan Diab lehen ministroaren kabineteak dimititu izanaren ondorioz erreformak eta ustelkeriaren aurkako borroka helburu dituen Gobernu berri bat “azkar” sortzeko deia egin zuen Parlamentuko presidenteak.
Larrialdi bikoitza
Ia aldi berean Libanoko jarduneko Osasun ministroak, Hamad Hasanek, martxoan koronabirusaren pandemiagatik ezarri zen larrialdi-egoera luzatu egingo dela iragarri zuen. Abuztuaren 18tik hilabete bat gehiagoz luzatuko da larrialdi-egoera.
Libanok martxoaren 15ean ezarri zuen lehenengo aldiz larrialdi egoera COVID-19agatik, baina neurriak lasaituz joan dira denborak aurrera egin ahala gaixotasunak indarra galdu duelako herrialdean.
Hasanek azaldu duenez, "koroabirus bidezko kutsatzeek gora egin dute, leherketaren ostean ospitaleetan pilaketak izan zirelako, maskararik erabili ez zelako eta une horretan prebentzio-neurriekiko konpromisorik ez zegoelako".
Larrialdi-egoerak Armadari eskubide osoa ematen dio biltzeko-askatasunaren, prentsa-askatasunaren eta adierazpen-askatasunaren aurka egiteko, eta baita herrialdearen segurtasunerako “mehatxua” izan daitekeen edonor atxilotzeko ere.
Human Rights Watch (HRW) erakundeko Libanoko ikerlariak, Aya Majzoubek ziurtatu zuen larrialdi egoera leherketaren ondoren sortutako gobernuaren aurkako “protestak erreprimitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari ote den” kezkatuta daude.
Gatazkak hurrengo egunetan ere errepikatu ziran 2.750 amonio-nitratoren leherketak gizartean sortutako ezinegonagatik.
HRW eta Amnistia Internacional erakundeen arabera, zibilak bezala jantzitako agenteak, Armada eta segurtasun indarrek “neurriz kanpoko indarrak” erabili zituzten manifestarien aurka.
FBIk ere ikerketan parte hartuko du
AEBtako Gatazka Politikoko ordezkariordeak, David Halek, ostegunean Beiruten egindako bisitan aurreratu zuen FBIk, Libanoko autoritateen eskariei jarraituz, portuan gertatutakoa ikertuko duela.
Halek leherketaren ondorioz kaltetuena izan den auzoa, Gemmayze, ikertu ostean, aurreratu zuen larunbatera arte luzatuko den bisitan hainbat politiko eta autoritateekin bilduko dela, baina baita sozietate zibileko hainbat kide eta buruzagi erlijiosoekin ere.
Michel Aoun Libanoko presidenteak asteazkenean onartu zuen leherketa gertatu baino bi aste lehenagotik zekiela portuan amonio-nitrato “kantitate handi bat” zegoela.
Nazio Batuetako berrogei aditu baino gehiagok ostegunean leherketaren arduradunak identifikatzeko ikerketa independente eta azkar bat eskatu zuten.