Ameriketako Estatu Batuak
Trump izango da Alderdi Errepublikanoaren hautagaia azaroaren 3ko hauteskundeetan
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetan eman diote hasiera, Charlotten, errepublikanoen konbentzioari; bertan dauden 2.550 ordezkariek aho batez babestu dute presidentearen hautagaitza.
Alderdi Errepublikanoak modu formalean baieztatu egin du, astelehen honetan, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea bere hautagaia izango dela azaroaren 3ko hauteskundeetan; hala erabaki dute, Ipar Carolina Estatuko Charlotte hirian inauguratutako konbentzioan, bertan egindako bozketan.
Konbentzioan dauden 2.550 ordezkari errepublikanoek aho batez babestu dute presidentearen hautagaitza; Trumpek, dena den, bozketa amaitu aurretik ere bermatuta zituen beharrezko babesak, 1.276 hain zuzen ere, Nevadako ordezkariek euren 25 botoak emanda.
Floridak botoa emanda (Estatu horrek ez du ordena alfabetikoa kontua izan), Trump Charlotteko Konbentzio Zentroan agertu da. Zentro horretan 336 ordezkari batu dira, bozketan modu presentzialean parte hartzeko (Estatuek eta lurraldeek seina izan dituzte).
Trump agertokira irten denean, jendea "beste lau urte" oihukatzen hasi da. Presidenteak honela erantzun die: "Benetan zoratu nahi badituzue, esan beste 12 urte".
Trumpen hitzaldia amaituta, berriro ere hasi da bozketa; Wyomingeko Estatutako ordezkariek eman diote amaiera. Trump eta Mike Pence izendatu dituzte, ofizialki, presidente eta presidenteorde izateko, eta, jarraian, errepublikanoek bertan behera utzi dute, ordu batzuetaz, konbentzioko lehen egun hau. Trumpen asmoa da egunero agertzea konbentzioan (lau egunekoa izango da hori), nahiz eta tradizioa da alderdiko hautagaiak azken egunera arte luzatzea bere agerpena. Hala aurreratu dute hainbat komunikabidek.
Ostegunean onartuko du Trumpek izendapena, hilaren 27an, Etxe Zuritik emango duen zuzeneko hitzaldi batean. Batzuek gaitzetsi egin dute Trumpek Etxe Zuria aukeratzea; izan ere, ustea da presidenteek ez lituzkeela erabili beharko egoitza ofiziala edo eraikin federalak kanpaina-ekitaldiak egiteko.