Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Istiluak izan dira Wisconsinen, polizia batek afroamerikar bati tiro egin ostean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jacob Blake hil ala biziko egoeran dago, zainketa intentsiboetako unitatean. Tokian izan ziren agenteek, "etxeko gertakari" gisa deskribatu dute gertatutakoa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ehunka pertsona kalera atera dira Wisconsin estatuko Kenosha hirian, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ipar-ekialdean, polizia batek afroamerikar gazte bati bizkarretik zazpi aldiz tiro egin ostean. Tokian izan ziren agenteek, "etxeko gertakari" gisa deskribatu dute gertatutakoa.

Jacob Blake bezala identifikatu duten gizona Kenoshako ospitale batera eraman dute (igande arratsaldean jazo zen gertakaria), eta hil ala biziko egoeran dago zainketa intentsiboetako unitatean, premiazko ebakuntza egin ostean, CNN telebista kateak jakitera eman duenez.

Ben Crump haren abokatuak azaldu duenez, autoan sartzerakoan egin zion tiro poliziak. Une horretan, autoaren barruan Blaken hiru seme-alabak zeuden, 3, 5 eta 8 urtekoak.

100.000 biztanle inguru dituen Kenosha hirian, manifestari batzuek leihoak hautsi eta pintaketak egin dituzte bertako gobernuaren egoitzan. Gainera, horietako talde bat polizia-etxera joan da eta hainbat ibilgailuk su hartu dute.

Agintariek, bestalde, etxeratze-agindua ezarri dute istiluekin lehenbailehen amaitzeko asmoz. Poliziak, berriz, lehenago ixtea aholkatu die inguruko establezimenduei, igandeaz geroztik izandako lapurreta eta ebasketa kopurua dela eta.

Beltzen aurkako poliziaren indarkeria salatzeko protestak eta manifestazioak nabarmen ugaritu dira herrialdean azken asteetan, batez ere George Floyd eta Breonna Taylor hil ostean.

Donald Trump Jr. AEBko presidentearen semeak protestak gaitzetsi ditu eta "anarkistatzat" jo ditu. Twitterren duen kontuan, autoak erretzen ari ziren manifestarien bideo batzuk zabaldu ditu.

Bestalde, Tony Evers Wisconsineko gobernadoreak tiroketa gaitzetsi du. "Oraindik ez ditugu xehetasun guztiak, baina badakigu ez dela estatu edo herrialde honetan poliziaren esku zauritzen edo hiltzen duten lehen gizon beltza", deitoratu du.

Bideoak (1)