Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Larrialdi egoera ezarri dute Wisconsinen, azken orduetan izandako protesten aurrean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Guardia Nazionaleko 250 agente inguru zabaldu dituzte estatuan, polizia batek afroamerikar gazte bati bizkarretik zazpi aldiz tiro egin ondoren ehunka pertsona kalera irten ostean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tony Evers Wisconsin estatuko gobernadoreak larrialdi egoera ezarri du, azken orduetan izandako protesten ostean. Izan ere, ehunka pertsona kalera atera dira Kenosha hirian, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ipar-ekialdean, polizia batek afroamerikar gazte bati bizkarretik zazpi aldiz tiro egin ostean. Gainera, ezezagun batzuek lapurretak egin dituzte hainbat saltokitan.

Bigarren protesta egunean, Eversek Guardia Nazionaleko 250 agente inguru zabaldu ditu estatuan, baina gertatutakoa gaitzetsi du eta herrialdean "arrazakeria eta bidegabekeria sistematikoaren zikloarekin ez jarraitzeko" eskatu du.

Gauzak horrela, "kaltearen eta suntsiketaren bidean" ezin dela jarraitu azpimarratu du. Bien bitartean, Jacob Blake, 29 urteko afroamerikarrak larri jarraitzen du ospitalean. Agente batek zazpi aldiz tirokatu ostean, gerritik behera gorputza paralizatuta dauka, eta medikuek ez dakite berriro ibiltzeko aukera izango duen ala ez, aitak CNN kateari azaldu dionez..

Ben Crump haren abokatuak ABC News telebistan azaldu duenez, gaztea zainketa intentsiboetako unitatean dago, eta ebakuntza gehiago egin beharko dizkiote datozen orduetan.

Autoan sartzerakoan egin zion tiro poliziak. Une horretan, autoaren barruan Blaken hiru seme-alabak zeuden, 3, 5 eta 8 urtekoak. Gertakariak, manifestazio olde berria eragin du herrialde osoko hirietan, hala nola, New Yorken, Portlanden eta Oregonen. Ildo horretatik, beltzen aurkako poliziaren indarkeria salatzeko protestak eta manifestazioak nabarmen ugaritu dira herrialdean azkenaldian, batez ere George Floyd eta Breonna Taylor hil ostean.

Bestalde, astearte honetan, azaroko hauteskundeei begira egindako Errepublikanoen Batzordean, Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohiak demokraten arteko "moda" batekin lotu du "orain AEB arrazista dela esatea".

"Hori gezurra da. AEB ez da herrialde arrazista", esan du Tim Scott senatari errepublikanoak Goi Ganberan.

Albisteak (1)

Bideoak (1)