Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Gazte batek bi manifestari hil ditu Wisconsineko protestetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Poliziak 17 urteko gizonezko bat atxilotu dute, heriotza horiekin zerikusia duelakoan.

Istiluak izan dira Wisconsinen, azken egunotan. Argazkia: EFE.

Gutxienez bi herritar hil dira eta bat zauritu da Kenosha hirian, Ameriketako Estatu Batuetako Wisconsin Estatuan, arrazagatiko protestetako hirugarren gauean, Poliziak jakitera eman duenez. Protestak igandean hasi ziren, bertako Poliziako agente batek Jacob Blake afroamerikarrari bizkarrean zazpi aldiz tiro egin eta gero. Bi heriotza horiekin lotuta, 17 urteko gazte bat atxilotu dute.

Polizia-txostenaren arabera, armak zeramatzaten hainbat pertsonak manifestariei tiro egin diete, Kenoshako gasolindegi batetik gertu; bitartean, Blake, 29 urtekoa bera, ospitaleratuta dago, larri.

Sare sozialetan zabaldutako bideoek erakusten dute manifestari batzuen eta talde armatuen arteko nolabaiteko liskar bat. Taldearen asmoa omen zen jabetza pribatuak babestea.

Etxeratze-agindua indarrean sartuta, hau da, 20:00ak jota, Polizia Kenoshako Konderriko auzitegietako eraikinaren aurreko parke batean zeuden manifestariak sakabanatzen hasi zen. Istilu armatua bertan gertatu da.

Kenoshako Poliziako Konderriko buru David Bethek kazetariei esan dienez, ikertzen ari dira tiroketa manifestarien eta talde armatuaren arteko borrokaren ondorioa izan ote den. Bethen hitzetan, agintariak arma luze bat zeraman gizon baten bila ari dira. Testuinguru horretan, AEBko agintariek jakitera eman dute 17 urteko gizonezko bat atxilotu egin dutela; Illinois Estatuko gazte bat da, Kyle Rittenhouse izenekoa.

Blake, sei seme-alabaren aita bera, Poliziak tirokatu du; duela hiru hilabete, Minnesota Estatuko Minneapolis hirian, George Floyd afroamerikarra hil zuen agente batek, eta horrek protesta jendetsuak, suteak eta arpilatzeak eragin zituen. 

Albisteak (2)