Itxi

Koronabirusa

Lesbosen dagoen Zaporeak-eko lantaldea berrogeialdian dago, sukaldea itxita

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu du "prestutasuna agertu duten laguntzaile sare zabala" duela, eta proiektuak aurrera jarrai dezan behar dutena egingo dutela.

Zaporeak Lesbosen. Argazkia: Zaporeak

Greziako Lesbos uhartean dagoen Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearen lantaldeak zuzeneko harremana izan du COVID-19a duen pertsona batekin, eta, hori dela eta, berrogeialdian dago. Ondorioz, itxi egin dute egunero errefuxiatuentzat janaria prestatzeko sukaldea.

Zaporeakek prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, segurtasun eta osasun neurri guztiak hartzeko erabakia hartu du. Hala, lantalde osoak egingo du PCR proba, eta berrogeialdia egingo dute proben emaitza jaso arte.

Bestalde, ostiral honetan bertan itxi dute sukaldea, "ahal bezain laster" irekitzeko asmoarekin. Gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu du "prestutasuna agertu duten laguntzaile sare zabala" duela, eta proiektuak aurrera jarrai dezan behar dutena egingo dutela.

Azkenik, Zaporeakek esan du bere esku dagoen guztia egingo duela "segurtasun osoz" lan egiten jarraitzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (2)