75. edizioa
NBErekin duten konpromisoa berretsi dute 75. urteurrenean mundu osoko buruzagiek
EFE
119 estatuburu eta 54 gobernuburu bideokonferentzia bidez ematen ari dira euren hitzaldiak.
Nazioarteko buruzagiek adierazpen bat onartu dute NBEren 75. urteurrena dela eta; bertan, erakundearen printzipioekin konprometitzen dira, eta lankidetza handiagoa hitzematen dute herritar guztiak babesteko, bakea sustatzeko eta planeta salbatzeko, baina egitasmo zehatzik gabe.
Lau orriko testua, hainbat hilabetetan negoziatua, txaloka hartu dute Nazio Batuen Erakundearen hiru mende laurdenak ospatzeko antolatutako goi bilera birtualean.
Erakundea azken urteotan hainbat gobernuren kritiken jomuga izan bada ere, dokumentuan 193 estatu kideek azpimarratzen dute ez dagoela beste erakunderik NBEren "zilegitasuna, deia gaitasuna eta eragina" duenik.
Testuak koronabirusaren pandemia aipatzen du NBEk aurre egin dion erronka global handienen artean, eta erakundeak krisiaren ostean gaixotasunari eman beharreko erantzunaren eta susperraldiaren erdigunean egon behar duela azpimarratzen du.
Estatu kideek, gainera, etorkizunera begira hamabi konpromiso handi adierazi dituzte, "inor atzean ez uzteko" promesatik hasita, Garapen Iraunkorreko Helburuen leloa den heinean; eta, aitortzen dutenez, printzipio hori are garrantzitsuagoa da koronabirusaren pandemiaren ondoren.
Sinatzaileek diote, halaber, planeta babestuko dutela, bakea sustatuko dutela eta gatazkak saihestuko dituztela, nazioarteko legea beteko dutela eta justizia ziurtatuko dutela.
Testuak, ordea, ez du asmo on horietatik haratago konpromiso irmorik jasotzen, eta, analista askorentzat, aurretik onartutako antzeko beste batzuk baino asmo gutxiagokoa da.
"Inork ez du Gobernu global bat nahi, baina elkarrekin lan egin behar dugu"
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak zabaldu du astelehen honetan erakundearen 75. urteurrena ospatzeko goi-bilera birtuala, koronabirusa eta krisi klimatikoa bezalako erronken aurrean estatuen arteko lankidetza indartzeko deia eginez, baina argi utzita Nazio Batuen Erakundeak ez dituela gobernuak ordeztu nahi.
"Inork ez du Gobernu global bat nahi, baina elkarrekin lan egin behar dugu munduko gobernantza hobetzeko", esan die Guterresek nazioarteko buruzagiei, subiranotasun nazionala NBEren "zutabe" bat dela azpimarratuz.
Portugalgo diplomazialariak "multilateralismo gehiago" behar dela defendatu du, mundu gero eta interkonektatuago batean, non pandemiak "ahuleziak" azaldu dituen.
Guterresek Nazio Batuen Erakundearen lorpen handietako batzuk jarri ditu mahai gainean, tartean askori beldurri ematen zien balizko III. Mundu Gerra saihestu izana. "Historia modernoan inoiz ez gara hainbeste urte egon potentzia handien arteko gatazka militarrik gabe", nabarmendu du.
Arrakasten artean aipatu ditu, era berean, bake indarrak, deskolonizazio prozesuak, giza eskubideen estandarren ezarpena eta horiek babesteko mekanismoak, apartheidaren aurkako garaipena, giza laguntza, gaixotasunak desagerraraztea edo gosea murriztea.
Gaur egungo erronka handien artean, honako hauek aipatu ditu: genero-desberdintasuna, klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera, pobreziaren gorakada, gorrotoaren hazkundea, tentsio geopolitikoen igoera, arma nuklearrek eragiten jarraitzen duten mehatxua edo teknologia berri batzuek sortzen dituzten arazoak.