Venezuelako Gobernua
Venezuelak NBEren sistemaren aurkako erasotzat jo ditu AEBren zigor berriak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBk iragan astelehenean iragarri zituen zigor horiek. Irani eragiten dion arma blokeoa haustea egotzi diote, hain zuzen, Madurori.
Venezuelako Gobernuak ziurtatu du AEBk Nicolas Maduroren, Irango Defentsa Ministerioaren eta herrialde horretako programa nuklearrarekin zerikusia duten 27 erakunderen kontra iragarritako zigor berriak Nazio Batuen Erakundearen sistema aldeaniztunaren aurkako kanpaina bat direla.
"Berriro ere, inongo arrazoirik gabe, AEBko Gobernuak eraso egin digula salatu eta gaitzetsi nahi du Venezuelak, nazioarteko komunitatearen aurrean. Zigor horiek Irango, Venezuelako eta NBEko sistema aldeaniztunaren aurkako kanpaina baten parte dira", esan dute ohar batean.
AEBk iragan astelehenean iragarri zituen zigor berriak. Irani eragiten dion arma blokeoa haustea egotzi zioten, hain zuzen, Madurori.
"Ez dio axola nor zaren, Irango arma blokeoa urratzen baduzu, zigorrak jasoko dituzu", ohartarazi zuen prentsaurreko batean Mikel Pompeo AEBko Estatu idazkariak. Halaber, adierazi zuen zigor horiek NBEren babespean jarri dituztela, erabakiaren oinarri juridikoa zalantzan jarri badute ere, eta Segurtasun Kontseiluaren gainerako indarren babesik jaso ez duten arren.
Izan ere, igandean, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak aurka egin zioten AEBk Iranen kontrako zigorrak berrezartzeko hartutako erabakiari.