MIGRAZIO ETA ASILO ITUNA
Mugak indartzea eta migranteen kanporatzea azkartzea proposatu du Europako Batzordeak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bruselak alboratu egin du asilo eskatzaileak estatukideen artean banatzeko kuotak ezartzeko aukera eta, horren ordez, elkartasun "malgua" proposatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Europako Batzordeak proposamena egin die 27 estatu kideei, migrazio eta asilo politikaren arloko itun bat lortzen saiatzeko. Zehazki, mugak sendotzearen eta migratzaileen kanporatzea azkartzearen alde egin du.
Zehazki, migrazio presio handiena duten herrialdeekiko elkartasun maila ezberdinak dituen borondatezko sistema bat proposatzen du, Europako Batasuneko kanpo-mugak indartuz eta errefuxiatu estatusa lortzen ez duten migratzaileen kanporaketak azkartuz. Gauzak horrela, Bruselak uko egin dio migratzaileak banatzeko derrigorrezko kuoten sistemari, eta elkartasun "malgua" proposatu du.
Estatukideak ez dira ados jartzen migratzaileen iritsiera nola kudeatu erabakitzerakoan. Hori dela eta, Bruselak urtebete baino gehiago igaro du aldebiko bilerak eginez, migratzaileak hartzeko derrigorrezko kuoten mekanismo bat eskatzen dutenen eta aukera hori erabat baztertzen dutenen arteko tentsioak gainditzen saiatzeko.
Horren emaitza da politika "solidarioaren" beharra defendatzen duen proposamena, kanpo-mugak (Frontex mugetako guardiarentzat pisu handiagoa duena) indartzean oinarritzen dena. Halaber, hirugarren herrialdeekiko lankidetzari bultzada bat ematea eta Europako prozedurak hobetzea eta errefuxiatu estatusa lortzen ez duten migratzaileen kanporatzeak arintzea ere iradoki du.
Gauzak horrela, Europako Batzordeak 27 herrialdeekin egingo dituen negoziazioetan "salbuespenik gabeko" elkartasuna defendatuko du, eta, horretarako, borondatezko oinarria duen mekanismo bat eskaintzen die herrialdeei, "ekarpen malguen" katalogo baten artean aukeratu ahal izateko.
Horrela, herrialde batek jasan ezin duen migrazio-presio bati aurre egiten dionean, gainerako estatukideek asilo-eskatzaile batzuei beren lurraldean ostatu emateko aukera eskainiz erantzungo dute, baina beste laguntza-modu batzuk ere aukeratu ahal izango dituzte, hala nola deportatuak "itzultzeko erantzukizuna beren gain hartzea". Bruselak "babestutako" kanporatze gisa definitzen du hori.
Ylva Johanson Barne komisarioaren hitzetan, erreformak mugan prozedurak "argiagoak, bidezkoagoak eta azkarragoak" izatea ahalbidetuko du, Europar Batasunera iristen saiatzen diren pertsonek "linbo batean itxaron beharrik izan ez dezaten".