ESTATU BATUAK
Barrett epaile kontserbadorea Auzitegi Goreneko kide izateko proposatu du Trumpek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Izendapena onartu berritan egin duen hitzaldian, Barrettek azpimarratu du Goreneko epaile gisa erabakiak hartzeko "legea izango duela aintzat", eta "ez bere sinismenak".
Iragarritakoa bete du Donald Trump AEBko presidenteak, eta Amy Coney Barrett epailea proposatu du herrialde horretako Auzitegi Goreneko kide izateko. Prozesua ahalik eta azkarren burutzea nahi du buruzagi estatubatuarrak, Alderdi Demokratak epaile berriaren izendapena azaroko hauteskunde osterako utzi nahi badu ere.
Estatu Batuetako epailerik "bikainena eta adimentsuena" Gorenerako proposatzea "ohorea" dela esanez hasi du hitzaldia Trumpek, Etxe Zurian egindako ekitaldian. Barrettek bere ibilbidean izandako "lorpen paregabeak" eta "Konstituzioari dion leialtasuna" nabarmendu ditu.
Ehun bat lagunek hartu dute parte ekitaldian, tartean magistratuaren senitartekoak, eta txaloz hartu dute Trumpen proposamena.
Alderdikide errepublikarrei eskerrak eman dizkie AEBko presidenteak, epaile berria izendatzeko prozesua "modu zintzoan" eta "une egokian" egitea ahalbidetu dutelako. Demokratei, berriz, Barrettek "merezi duen errespetua eta begirunea" izateko eskatu die, eta komunikabideei, "eraso pertsonalak" alde batera uzteko.
Ruth Bader Ginsburg epaile progresista zendu berriaren lekua hartuko du Barrettek Auzitegi Gorenean, Senatuak bere izendapena ontzat ematen duenean.
Abortuaren aurka
Bere ideologia kontserbadoreagatik da ezaguna 48 urteko epaile proposatu berria, eta Ginsburgek azken urteotan defentatu dituen ideietatik oso urrun dago. Besteak beste, abortuaren aldeko jarrera irmoa agertu izan zuen beti Ginsburgek; Barrettek, aldiz, behin baino gehiagotan jarri du zalantzan eskubide hori. Halaber, AEBko herritarrek armak izatearen alde agertu izan da.
Izendapena onartu berritan egin duen hitzaldian, Barrettek azpimarratu du Goreneko epaile gisa erabakiak hartzeko "legea izango duela aintzat", eta "ez bere sinismenak". Bere aurrekoak utzitako legatua aintzat hartuko duela ere nabarmendu du, haren lana goratzearekin batera. Hala, "emakumeen eskubideen defentsan" Ginsburg ikur bat izan dela adierazi du.
Bederatzi epailek osatzen dute Estatu Batuetako Auzitegi Gorena, eta biziarteko kargua dute. 2017an Etxe Zurira iritsi zenetik, Gorenean beste bi epaile kontserbadore ipintzea lortu du Trumpek: Neil Gorsuch eta Brett Kavanaugh.
Ginsburg hil ondoren, eta haren lekua bete gabe dagoen honetan, bost epaile kontserbadorek eta hiru aurrerakoik osatzen dute erakunde hori. Barrettek Gorenera iristea lortuko balu, kontserbadoreek gehiengo zabala izango lukete erakunde horretan.