Itxi

Gatazka Kaukaso hegoaldean

Armenia eta Azerbaijan, berriro gerraren atarian Nagorno Karabaj eskualdeagatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Orain arte gatazka ezkutuan izan da, baina igande honetan berriro nazioartea kezkaz bete du; izan ere, borrokaldiak hasi dira lurraldean.

Borrokaldiak Nagorno Karabajen (Kaukaso hegoaldea). Argazkia: EFE

Karabakh Garaiko gatazka ezkutuan izan da orain arte, baina igande honetan nazioartea kezkaz bete du berriro; izan ere, borrokaldiak hasi dira lurraldean. Horrela, Armenia eta Azerbaijan gerra berri baten atarian egon daitezke Kaukaso hegoaldean.

“Kaukaso hegoaldean gerra baten atarian gaude, eta ez dago jakiterik ondorioak zeintzuk izango diren. Gerra eskualdeko mugetatik haratago zabaldu daiteke”, adierazi du Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak.

Armenia eta Azerbaijan gerra egoeran daude 1991etik, baina su-etena sinatu zuten hiru urte geroago, gaurdaino indarrean egon dena, nahiz eta bi aldeek etengabe urratu.

Zazpi minutuko hitzaldian, “bihartik aurrera Azerbaijango Armadaren eraso baten biktima da Karabakh Garaia. Biztanleria zibila eta Stepanakert hiriburua bonbardatzen ari dira”, adierazi du Pashinianek.

Armeniako Armadak eraso egin ondoren “kontraerasoa” abiatu duela esan du Bakuk.

Pashinian hitzaldia ematen ari zenean, Ilham Aliev Azerbaijango presidenteak Segurtasun Kontseiluaren aurrean hitz egin du, eta  Armeniaren aurrean ez dutela atzera egingo agindu du.

“Gure lurrean gaude, ez dugu besteena nahi. Baina gurea ez diogu inori emango”, esan du Alievek buruzagi militarren aurrean.

Armeniak gerra-legea ezarri eta mobilizaziora deitu du herri osoa dagoeneko, salbuespeneko neurria. 2016ko apirilean, “lau eguneko gerran” ez zuten halako neurririk hartu.

Ordu gutxi batzuk geroago, gerra-legea ezartzeko dekretua sinatu du Azerbaijango presidenteak. Bihar sartuko da indarrean.

Armeniako boluntarioak Erevanen. Argazkia: EFE

Bakuren hitzetan, borroketan Azerbaijango bost pertsona hil dira jadanik. Armeniaren erasoetan zaurituak 19 dira, Azerbaijango Fiskaltzak erantsi duenez.

Era berean, Azerbaijango indarren bonbardaketetan 16 soldadu hil eta beste 100 zauritu direla jakinarazi du Armeniak.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta bertako Atzerri Ministerioak Bakuri “babes osoa” emango diotela hitz eman dute igande honetan. Armeniak  irmo gaitzetsi du adierazpena.

Bestalde, Errusiak erasoaldiak berehala bertan behera uzteko eskatu du. Era berean, eraso guztiak eteteko eta “aurrebaldintzarik gabe negoziaziora” bueltatzeko eskatu die Europar Batasunak gatazkako bi aldeei.

Gatazka Sobietar Batasunaren garaian piztu zen, 80ko hamarkadaren amaieran, Karabakh Garaiak (Azerbaijan) Armeniara batzea eskatu zuenean. Gerra hasi zen, eta 25.000 bat hildako utzi zituen.

Borrokaldien amaieran, Armeniako indarrek Karabakh hartu eta Azerbaijango eskualde zabalak okupatu zituzten.

Azerbaijanen hitzetan, lurralde okupatuak askatzea ezinbestekoa da gatazkari konponbidea emateko. NBEko Segurtasun Kontseiluak behin baino gehiagotan babestu du eskari hori.

Armeniaren arabera, aldiz, Karabakh Garaian autodeterminazio eskubidea da irtenbidea, eta lurraldeko ordezkariek gatazka konpontzeko negoziazioetan parte hartzea nahi du.