AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Trumpek galera handiak izan ditu eta zerga gutxi ordaindu, 'NYT' egunkariaren arabera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016an presidente aukeratu zutenetik, Donald Trumpek ez ditu bere errenta aitorpenak publiko egin nahi izan. Egunkariak, ordea, azken 20 urteotako informazio fiskala eskuratu du.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak galera handiak izan ditu eta zerga gutxi ordaindu ditu azken urteotan, The New York Times egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.
2016an boterera iritsi zenetik, Trumpek, horren aurrekoek ez bezala, ez ditu bere errenta aitorpenak publiko egin nahi izan. Egunkariak, ordea, AEBko presidentearen azken 20 urteotako informazio fiskala eskuratu du.
The New York Times egunkariaren esanetan, 2016an, hauteskundeak irabazi zituenean, eta 2017an, Etxe Zurian igaro zuen lehen urtean, 750 dolar bakarrik ordaindu zituen zergetan. Gainera, azken 15 urteetatik 10etan ez zuen zergarik ordaindu, irabazi zuena baino gehiago galdu zuelako, horren errenta aitorpenen arabera.
Gaur egun, AEBko presidentearen diru-kontuak presiopean omen daude. Izan ere, datozen urteetan ehunka milioi dolar ordaindu beharko ditu berak sinatutako kredituengatik.
Halaber, 100 milioi dolarreko isuna jaso lezake Ogasunarekin zabalik daukan auzi batengatik.
Trumpek berehala erantzun du, eta The New York Times egunkariak zabaldutako informazioa "gezurra" dela azpimarratu du. Are gehiago, berari buruzko artikulu "negatiboak" idaztea aurpegiratu dio egunkariari.