KORONABIRUSA
Ospitaleratu egin dute Trump, COVID-19an positibo eman eta ordu gutxira
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Walter Reed ospitale militarrera eraman dute eta Remdesivir botika eman diote. Txioa argitaratu du Twitterren, ongi dagoela adieraziz.
COVID-19an positibo eman eta 18 ordura, Donald Trump AEBetako presidentea ospitaleratu egin dute "badaezpada ere", sintoma arinekin. Atzo arratsaldean, ezustean, helikopteroz eraman zuten Marylandeko Walter Reed ospitale militarrera eta bertatik arituko dela lanean jakinarazi zuten Etxe Zuritik.
74 urteko presidentea maskara jantzita eta eskuarekin ondo zegoenaren keinua eginez agertu zen kameren aurrean. AEBetako komunikabideek jakitera eman dutenez, "nekatuta" sentitzen da eta sukarra izan du azken egunean.
Ospitaleratu aurretik, Sean Conley mediku presidentzialak REGN-COV2 izeneko antigorputz koktel esperimentalaren 8 gramo errezetatu zizkion. Behin ospitale militarrean, tratamendua aldatu diote eta Remdesivir antibiralarekin hasi du terapia.
Melania Trumpi dagokionez, sintoma arinak ditu eta bakartuta dago Etxe Zurian.
Trumpen kanpaina bertan behera
Trump zein emaztearen positiboen berri zabaldu eta gero, euren inguruko hainbat pertsona ere kutsatuta daudela jakin da, horietako batzuk egun batzuk lehenagotik, gainera. Horietako batzuk aurreko larunbatean Etxe Zurian izan ziren Amy Coney Barrett epailea AEBetako Auzitegi Goreneko kide izateko proposamen ekitaldian.
Hilabete falta da, zehatz mehatz, hauteskunde presidentzialetarako, eta Trumpen positiboagatik bere kanpainako hainbat ekitaldi atzeratu eta beste hainbat bertan behera utzi behar izan dituzte.
Stepien, Donald Trumpen kanpainako burua ere ezingo da hauteskundeetako estrategia koordinatzen aritu, berak ere positibo eman baitu.
208.695 pertsona hil dira jada AEBetan koronabirusarekin.
Protagonisten mezuak sare sozialetan
Larunbat honetan bertan, mezua zabaldu du Trumpek sare sozialetan, ondo sentitzen dela adieraziz:
Going welI, I think! Thank you to all. LOVE!!!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) October 3, 2020
Barack Obama presidente ohiak azkar sendatzeko opa dio:
Michelle and I hope that the President, First Lady, and all those affected by the coronavirus around the country are getting the care they need and are on the path to a speedy recovery.
— Barack Obama (@BarackObama) October 2, 2020