Kargatzen...
Itxi

KORONABIRUSA

Kalean ere musukoa janztea derrigorrezkoa izango da Italia osoan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Orain arte, eskualde batzuetan baino ez zen nahitaezkoa. Italiako lehen ministroak esan duenez, kutsatze kopuruak gora egin duelako hartu dute erabakia. Aste honetan, apirileko datuetara itzuli dira.

Italiako plaza bat, gauez. Artxiboko argazkia: EFE

Koronabirusaren bigarren olatuan daturik onenetakoak dituen Europako herrialdeetako bat Italia den arren, kasuen gorakadaren ondorioz, Gobernuak neurri murriztaile berriak iragarri ditu. Aurrerantzean, kalean ere maskara janztea nahitaezkoa izango da. Orain arte, araua eskualde batzuetan bakarrik zegoen indarrean, Lazion eta Sizilian, esaterako.

Italiako Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu zuen atzo eta, horren arabera, maskara kalean ere janztea derrigorrezkoa izango da. Halaber, Italiak larrialdi egoera urtarrilaren 31ra arte luzatu du.

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak prentsaurreko batean azaldu duenez, aste honetan, batez beste, 2.600 kutsatu berri zenbatu dituzte. Atzo, ostera, koska bat egin zuen gora kutsatze kopuruak, 3.700era arte. Apiriletik izandako daturik txarrena da.

Dekretua gaur sartuko da indarrean, behin aldizkari ofizialean argitaratu ostean.

Italiako Osasun Ministerioak azaldu duenez, maskara kalean ere derrigorrezkoa izango da "espazioen ezaugarriengatik edo beste arrazoi batzuengatik elkarrekin bizi ez diren pertsonak bakartzeko baldintzak bermatzen diren kasuetan izan ezik".

Neurri hori jada indarrean zegoen zen Lazio eskualdean eta Erroma, Campania, Basilicata eta Calabria hiriburuetan, esaterako. Orain, herrialde osora zabalduko da. Araua urratzen duenak 1.000 euro arteko isuna jaso dezake.

"Maskarak beti eraman beharko dira, erabateko bakardade egoeretan izan ezik. Adibidez, mendian isolatuta bizi den norbaiten kasuan. Gainerako kasuetan musukoa jantzi egin beharko da", azpimarratu du Italiako lehen ministroak.

Salbuespenak daude: 6 urte arteko haurrek ez dute eraman beharko, ezta patologiak edo ezintasunak dituztenek, eta kirola egiten ari direnek ere.

Lehen ministro italiarrak erantzukizunez jokatzeko eskatu die herritarrei, pandemiaren bigarren olatua apaltzeko eta neurri zorrotzagoak ezarri behar izatea saihesteko.

Albisteak (2)

Bideoak (1)