AEBko hauteskundeak
Mike Pence, Trump orekatzeko profil ezin hobea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mike Pencek "kristaua, kontserbadorea eta errepublikanoa" bezala definitzen du bere burua. Penceren ideal politikoek AEBeko Alderdi Errepublikanoaren hegalik kontserbadoreenean kokatzen dute.
Errepublikano peto-petoa, kristau konbentzitua, homofoboa eta sinbolo nazionalei oso atxikia, Trumpen oldarra jasaten jakin du. Mike Pencek eskarmentua du abokatu eta irrati-gidari gisa, baina bere ibilbide profesionala behin baino gehiagotan eten da Estatu Batuetako Kongresura sartzeko ahaleginengatik. Azkenean, 2001ean bere helburua lortu zuen. Pence AEBko presidenteordetzarako hautagaia da berriro.
Columbusen (Indiana) jaio zen, 1959ko ekainaren 7an. Mike Pencen aitona irlandar etorkina zen, eta Chicagoko autobus gidari izan zen. Miken aitak, Edward Pencek, bere aldetik, zerbitzugune kate bat zuen Indianan, eta bere emaztea lehen hezkuntzako irakaslea zen.
Mike Pencen gurasoak irlandar demokrata katolikoak ziren. Hain zuzen, gaztetan Pence John F. Kennedy presidentea miresten hazi zen. Zuzenbidean doktoratu zen Indianako Unibertsitatean, eta abokatu eta irrati esatari gisa lan egin zuen politikan sartu aurretik. 35 urte daramatza Karen Battenekin ezkonduta, eta hiru seme-alaba dituzte
Pertsona leiala eta neurrikoa
Pence eskarmentu handiko politikaria da Estatu Batuetako Kongresuan. 2013 eta 2017 artean Indianako gobernadorea izan zen, eta azken urteetan abortua eta homosexualen arteko ezkontza bezalako gai sozialei lotuta, buruzagi kontserbadore gisa egin da ezagun. Trumpek erakusten duen irudi sutsu, iraingarri eta eztabaidagarria ezin hobeki balantzatzen du Pencek, AEBeko presidenteorde gisa.
Zenbaitetan, Trumpek edo haren familiako kideren batek egindako iruzkin edo azalpenak argitu behar izan ditu; izan ere, Pencek beti erakutsi du bere leialtasuna eta neurritasuna, baita gaiak justifikatzen zailak ziren kasuetan ere.
Indianako lorpenak eta lege polemikoak
Indianako gobernadore bezala, lege polemiko bat sinatu zuen, arrazoi erlijiosoetan oinarrituta homosexualei zerbitzuak ukatzea ahalbidetzen zuena. Bere kontrako presioagatik zuzendu behar izan zuen. Era berean, abortua baimentzen den kasuak gogortu zituen, eta lege berri batean zehaztu zuen ama batek ezin duela prozedura aukeratu fetuak "Down sindromea edo beste edozein desgaitasuna duenean". Epaile federal batek blokeatu egin zuen lege hori.
Bere politika ekonomikoa doktrina klasiko errepublikanoaren oinarrian dago: Indianaren historiako zerga jaitsierarik handiena onartu zuen, erakundeei beherapen fiskalak bultzatu zizkien inbertsioa erakartzeko eta bere bizitza osoa diziplina fiskal zorrotzenaren aldekoa izan da.
Ez du beti Trumpekin bat egin
Gobernadorea ez da beti aberatsaren ondoan egon. Trumpekin duen tirabirarik handiena ekonomikoa da: kongresista gisa, merkataritza libreko itun guztien alde bozkatu zuen, eta Txinarekin merkataritza gehiago liberalizatzea babestu zuen. Magnatea honen aurka dago.
Beste gai batean ere egiten du talka dirudunarekin. Trumpen musulmanak AEBetara sartzea debekatzeko plana "iraingarria eta Konstituzioaren aurkakoa" dela esan du Pencek.
Trumpen eskandaluetatik aldentzen saiatu da, eta edozein oztopo saihestu du, tonu moderatu eta profesionalari eutsiz. Pencek Trump "borrokalari, eraikitzaile eta abertzale" gisa deskribatu du.