AEBKO HAUTESKUNDEAK
Trumpek hauteskunde kanpainari ekingo dio berriro larunbatean, Floridan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxe Zuriko medikuak bere oniritzia eman du, "tratamenduari ongi erantzun" diola iritzita. Bestalde, Trumpek baztertu egin du bigarren hauteskunde eztabaidan parte-hartzea, telematikoa bada.
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Donald Trump presidente eta hautagai errepublikanoak hauteskunde kanpainari ekingo dio berriro larunbatean, Floridan, koronabirusagatik gaixo egon ostean. Sean Conley Etxe Zuriko medikuak bere oniritzia eman du, "tratamenduari ongi erantzun" diola iritzita.
"Larunbat gauean mitin bat egiten saiatuko naizela uste dut, baldin eta antolatzeko nahikoa denbora badugu. Ziurrenik Floridan egingo dugu, larunbat gauean", iragarri du Trumpek Fox Newsen egin dioten elkarrizketa batean.
Igande gauean Pennsylvanian bigarren mitin bat antolatzeko asmoa ere iragarri du AEBko presidenteak.
Koronabirusagatik negatibo eman ote duen galdetuta, ez du argitu negatibo eman duen ala ez: "ez dago arrazoirik etengabe probak egiteko".
Bigarren hauteskunde eztabaidaren inguruko data eta formatua ezbaian dauden honetan egin du iragarpena Donald Trumpek. Hasiera batean, urriaren 15ean egitekoa zen Miamin.
Aurrez aurreko telematikoaren aukera mahai gainean dagoen honetan, aukera hori baztertu du Trumpek: "Ez naiz eztabaida birtual batera joango. Ez dut denborarik galduko eztabaida birtual batean ". Hala ere, bere kanpainako taldeak hitzordua atzeratzea onartu du, hasiera batean Joe Bidenen kanpainak proposatu bezala.